Ekonomia -
Ehiza
Gipuzkoako ehiztariek greba egingo dute ehizarako hitzarmena berritzea eskatzeko
Grebak animalia handien (basurdeak eta orkatzak) ehizari eragingo dio gehien bat; eta, ondorioak izango ditu basurdeen hazkundearen kontrolean.
eitb.eus
Gipuzkoako ehiztariek greba mugagabea egingo dute bihartik (larunbata) aurrera; Espainiako Estatuan ehiztariek egiten duten lehen greba izango da. Grebak animalia handien (basurdeak eta orkatzak) ehizari eragingo dio gehien bat; eta, ondorioak izango ditu basurdeen hazkundearen kontrolean.
Gipuzkoako Ehiza Federakuntzak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, lau urte daramate ehizarako hitzarmenik gabe, eta, horrek jarduerarengan "ondorio larriak" ekarri ditzakeela kritikatu dute. Ondorio horietako bat, esaterako, "basurdeek eragindako kalteak direla eta ordainak jasotzeko ezintasuna eta, hortaz, baserritarriei eragindako kalteak daude".
Ehiztariak "mugaraino heldu direla" esan du Federakuntzak eta grebaren ondorioak deitoratu dituzte; horrenbestez, administrazio ezberdinen "geldotasunaren eta utzikeriaren" aurrean "azken neurria" hartu dutela azpimarratu dute.
Bestalde, armen araudian Estatuan "atzerakada izugarria izan dela" kexatu dira; araudi horrek "ehiztarien % 20 etxean utziko baititu". Kirol legea ere kritikatu dute, "animaliak babesteko asmoz geure kirol modalitateak bertan behera utzi nahi dituelako".
2018ko apirilaren 15ean ehiztarien federakuntzek manifestazioa egin zuten Donostian; urtebetera euren aldarrikapenak "bere horretan jarraitzeaz gain, egoerak larrira jo duela" salatu dute.
Basurdeen kontrolari eragingo dio grebak
Federakuntzaren esanetan, "basurdeen kopurua kontrolatzeko modu bakarra da ehiza". Ildo horretan, basurdeek Espainian arazo larriak sortzen dituztela salatu dute; esaterako, zirkulazio-istripuak edo hondamendiak uzteetan.
Ildo horretan, basurdeen kopuru handiegiek "Ekialdeko Europan zein Erdialdeko Europan osasun krisia eragin dutela eta txerrien izurria Bel0gika eta Frantzia arteko mugara heldu dela" azaldu dute.
Ulia mendatean ehiza egiteko debekua
Bestalde, Ulia mendian (Donostia eta Pasaia artean) ehiza egiteko debekuaren harira, Auzitegi Gorenak debeku hori legez kanpo utzi duela azaldu dute, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak epaia alde batera utzi eta arau berri bat atera duela esan dute. Horrenbestez, Gipuzkoako Ehiza Federakuntzak araudi berri hori errekurritu behar izan duela esan du, "horrek dakarren kalte ekonomikoak kontuan hartuta".