Ekonomia -
Banda marroia
Mila hektarea pinuk oxido kuprosoaren tratamendua jasoko dute Euskadin
Oxido kuprosoaren erabilpena mugatu du Nekazaritza Ministerioak. Horrela, eremu mugatu batean tratamendu esperimentala egiteko baimena eman du bakarrik.
Agentziak | Erredakzioa
1.050 hektarea pinuk oxido kuprosoaren tratamendu esperimentala jasoko dute Euskadin, 'banda marroia' izeneko gaixotasunari aurre egiteko.
Pinuen gaixotasunari aurre egiteko, oxido kuprosoa airez fumigatzeko eskaera egin zuten EAEko hiru foru aldundiek iragan urrian. Nekazaritza Ministerioak, ordea, ez du eskakizuna onartu, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomi Garapenerako Saileko iturriek jakitera eman dutenez.
Hala ere, eremu mugatu batean (1.050 hektarea) tratamendua modu esperimentalean egiteko baimena eman du Ministerioak; urtebete pasa eta emaitzak ikusi ondoren, hedatzea ala ez erabakiko dute.
EAEko erakundeek Espainiako Gobernuaren erabakia errekurrituko dute, oxido kuprosoa airez fumigatzea aukera bakarra dela uste dutelako. Euskadiko erakundeen esanetan, banda marroia geldiarazteko eraginkortasun tekniko eta zientifikoa demostratu du oxido kuprosoak.
Helegitea aurkeztearekin eta tratamendu esperimentalarekin batera, Euskadiko erakundeek produktua lurretik aplikatzeko baimena eskatu diote Ministerioari, posiblea den lursailetan, baso jabeek tratamendua aurrera eraman ahal izateko.
Lurreko aplikazioak airezko fumigazioa ordezkatzea ez dute inola ere aztertzen, muga gehiago dituelako, eta kostu ekonomikoagatik.