Ekonomia -

Lan-gatazka

Itunpeko hezkuntzako sindikatuek beste hamar eguneko greba deialdia erregistratu dute

Lanuzteak martxoaren 12, 13, 14 eta 15ean; apirilaren 1, 2, 3 eta 4; eta maiatzaren 8 eta 9an izango dira.

Beste hamar eguneko greba deialdia itunpeko hezkuntzan. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Beste hamar eguneko greba deialdia itunpeko hezkuntzan. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Beste hamar eguneko greba deialdia itunpeko hezkuntzan. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, Steilas, CC. OO., LAB eta UGTko ordezkariek beste hamar eguneko greba deialdia erregistratu dute asteazken honetan, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Bilbon. Honenbestez, lanuzteak martxoaren 12, 13, 14 eta 15ean; apirilaren 1, 2, 3 eta 4, eta maiatzaren 8 eta 9an izango dira itunpeko ikastetxeetan.

“Itunpeko ikastetxeetako patronalek akordioetara heltzeko azaldu duten borondate eza”, salatu dute sindikatuek. “Mobilizazio eta greba dinamika gogortzea beste biderik” utzi ez dietela ziurtatu dute.

Sindikatuen ahotan, “2017ko azaroan negoziazio mahaitik altxatzera behartu eta mobilizazio dinamikara bultzatu gintuzten, bilera eta ekintza mordo baten ondotik hitzarmen kolektiboa berritzeko sindikatu guztiek osatutako plataforma bateratuari erantzunik ematen ez ziotelako”.

Zentzu horretan, sektoreko langileek mobilizazio, elkarretaratze, manifestazio, kanpaina eta ekimen ugari aurrera eraman dituztela gogorarazi dute sindikatuek agiri batean. Era berean, “azken bi urteetan egindako 17 grebek jarraipen zabala izan dute”. Mobilizazioen egutegiak “patronalei lan egiteko eta proposamenak planteatzeko tartea eman die, gure aldarrikapenei erantzun bat emateko, baina epe horretan ez dute akordiorako borondaterik agertu”, erantsi dute.

"2017ko azaroan negoziazio mahaitik altxatzera behartu eta mobilizazio dinamikara bultzatu gintuzten"

Urtarrileko zortzi greba egunen ostean, Kristau Eskola patronalak aldebiko bilerak deitu zituen, eta nahiz eta sindikatuek “negoziatzeko eta edukietan sakontzeko borondatea” azaldu, patronalak “proposamenak egin barik eta eduki nahikorik planteatu gabe” jarraitu du.

“Beste behin ere, azken greba egunetik hilabete bete denean, kolektiboaren eskakizunek erantzun egoki bat jaso gabe jarraitzen dute”, kritikatu dute sindikatuek.

“Izan beharko lukeen erantzukizunarekin ez da ari Eusko Jaurlaritza ere”, adierazi dute. “Gatazka konpontzeko eta aldarrikapenoi erantzuna emateko neurriak hartu beharrean, ekintza guztiak bere burua justifikatzeko izan dira, irtenbide bat bilatzeko benetako inplikazio bat saihestuz; gehiegizko gutxieneko zerbitzuak agindu edo oinarririk gabeko adierazpenak egin ditu, gatazkan interes ezkutuak daudela esanez”, gaineratu dute.

ELA, STEILAS, CC. OO., LAB eta UGT sindikatuen ahotan, “familien kezka partekatzen dute”, baina “patronalen erabateko arduragabekeria da, 17 greba egun egitera behartu ondoren, erantzun egokirik eman gabe jarraitzen dutelako, eta Hezkuntza Saila ere ez da behar bezala inplikatu irtenbide bat emateko”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA LAB Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak CCOO UGT