Ekonomia -

Hiriko auzia

Hirikoren porrota leporatu zieten enpresarien auzi penala artxibatu du Auzitegiak

Autoaren arabera, ikertutako lau enpresariak —horietako bi EAJri lotuta—, merkataritza- jurisdikzioak zigortu ditu dagoeneko, eta "ez dago delitu zantzu nahikorik".

Hiriko auzia / Irudia: EiTB.
Hiriko auzia.
Hiriko auzia / Irudia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiriko auto elektrikoaren proiektuak huts egitearen ustezko ardura zuten lau enpresarien aurkako auzi penala artxibatu du Arabako Lurralde Auzitegiak. Bidegabeko eralgitzea, bidegabeko jabetzea eta diru laguntzetan iruzurra leporatzen zizkieten enpresariei. Horietako bi, gutxienez, EAJri lotuta daude.

Auzitegiaren autoaren arabera —irmoa da eta ezin da helegiterik aurkeztu—, ikertutakoak merkataritza-jurisdikzioak zigortu ditu dagoeneko, eta "ez dago delitu zantzu nahikorik". Beraz, akusatuen abokatuek jarritako apelazio-errekurtsoa onartu dute zati batean, eta “auzia behin behinean artxibatzea” adostu dute.

Afypaida enpresaren lau administratzaileak, 2017ko urte bukaeran konpainiaren porrotaren erruduntzat jo zituen Gasteizko Merkataritza arloko epaitegi batek. Hiriko autoarengatik 15,7 milioi euroko diru-laguntza publikoa jaso zuen enpresak. Horietako 14,7 milioi, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioarenak.

Administratzaileak dira Jesus Echave, sozietatearen presidentea eta EAJri lotuta; Iñigo Antia, EAJren zinegotzia Gasteizen 2003 eta 2008 artean, alderdiaren Arabako zuzendaritzara igaro zenean; Fernando Achaerandio eraikitzailea, eta Jose Luis Bengoechea bitxi-dendako saltzailea.

Gasteizko 1. Merkataritza arloko epaitegiak "zuhurtziagabekeria astuna" egotzi zien, Afypaidaren kaudimengabeziak larriagotua, eta bi urtez besteen ondasunak administratzeko eta beste pertsonak ordezkatzeko gaitasunik gabe utzi zituen.

Gainera, 535.000 euroko zigorra jaso zuten, "inoiz saiakuntza-banku bezala erabilia izan ez zen" auto bat erosteagatik porrotaren erruduntzat jo ziren.

Behin merkataritza prozesua bukatuta, iaz Gasteizko 3. instrukzio-epaitegiak amaitutzat eman zuen lauen kontrako ikerketa penala, bidegabeko eralgitzea, bidegabeko jabetzea eta diru laguntzetan iruzurra leporatuta.

Fiskalarentzat, akusatuek, automobilgintzak inolako esperientziarik gabe, diru publikoa eskuratzeko plan bat egin zuten, auto elektriko bat diseinatzeko aitzakian. Estatuaren Abokatuak, bestalde, jasotako diru laguntza guztiak itzultzeko eskatu zuen, baina instrukzio-epaileak desbideratzea 6,4 milioi eurokoa izan zela esan zuen.

Akusatuen abokatuek auto horren kontrako apelazio errekurtsoak aurkeztu zuten. Orain, Arabako Auzitegiak zehaztu duenez, "ikertuetan gezurrezko interesen susmoa izatea logikoa da, baina zantzuak ez dira nahikoak egozteak mantentzeko".

Auzitegiak arrazoitu duenez, ez du auzia artxibatzen egindakoa ez delako delitua, defentsek eskatzen zuten bezala, baizik eta delitua egin izana ez dagoelako behar bezala frogatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Araba Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak