Ekonomia -
Kirol elkarteak
EBko Auzitegiak Athleticen eta Osasunaren zerga-araubidea babestu du
Europako Batzordeak futbol talde horiek zigortzeko erabakia hartu zuen, arauz kanpoko Estatu laguntzak jaso izan dituztela uste baitzuen.
Agentziak | Erredakzioa
Europar Batasuneko Auzitegi Orokorrak Athleticen eta Osasunaren zein Bartzelonaren eta Real Madrilen zerga-araubidea babestu eta kirol sozietate anonimotzat jo ditu elkarteok. Europako Batzordeak futbol talde horiek zigortzeko erabakia ezarri zuen, legez kanpoko estatu-laguntzak jaso izan zituztela uste baitu.
Auzitegiaren arabera, "Zuzenbideari dagokionez, Europako Batzordeak ez du behar bezala frogatu eztabaida sortzen duen neurriak onuradunei abantailak eman dizkiotenik".
Espainiako kirol elkarte profesionalak, kudeaketaren gardentasuna sustatzeko asmoz, sozietate anonimo bihurtu behar izan ziren 1990. urtean, Espainiako araudia betetzeko.
Aurreko urtaldi ekonomikoetan emaitza onak izan zituzten taldeentzat, berriz, salbuespena ezarri zen eta kirol elkarte gisa jarraitzeko aukera eman zitzaien. Aukera horri heldu ziotenen artean, Athletic, Osasuna, Bartzelona eta Real Madril taldeak izan ziren.
Irabazteko asmorik gabeko pertsona juridiko gisa, beraien etekinen gaineko berariazko zerga-tasa izan zuten lau talde horiek; gainera, 2016ra arte karga-tasa hori kirol sozietate anonimoei ezarritakoa baino txikiagoa izan zen.
2016an, aldiz, elkarte profesional horiei Espainiak zerga abantaila moduan eta barne merkatuarekin bateragarriak ez ziren legez kanpoko laguntzak eman zizkiela esan zuen Europako Batzordeak.
Orduan, Europako Batzordeak araubide hori bertan behera uzteko agindu zion Espainiari. Halaber, "berehala eta modu eraginkorrean emandako laguntza horiek itzultzeko eskatu zien elkarteei".
Elkarteok erabakia errekurritu zuten, eta, orain, Luxenburgoko epaitegiak arrazoia eman die, Europako Batzordeak ez baitzituen legez kanpoko laguntza horiek behar bezala egiaztatu.
Hemendik aurrera, bi hilabete izango dituzte alde biek Europar Batasuneko Justizia Auzitegian errekurtsoa aurkezteko.