Ekonomia -
Legebiltzarra
Deslokalizatutako enpresek diru-laguntza publikoak bueltatzea proposatu du EH Bilduk
Enpresak Euskal Herritik alde egitea saihesteko eta enplegua babesteko lege-proposamena aurkeztu du koalizio soberanistak Legebiltzarrean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Enpresen deslokalizazioari aurre egiteko hainbat neurri biltzen dituen lege-proposamena aurkeztu du EH Bilduk astelehen honetan Eusko Legebiltzarrean. Besteak beste, produkzioa Euskal Herritik kanpora eramatea erabakitzen duten konpainiek azken 10 urteetan jasotako diru-laguntza publikoak bueltatu behar izatea proposatu du.
Iker Casanova koalizio soberanistako parlamentariak azaldu duenez, "ekimen honen helburua enpresen deslokalizazioa oztopatzea eta enplegua eta euskal ekoizpen sarea babestea da, eta horretarako enpresen konpromisoa ezinbestekoa da".
Ildo horretan, deslokalizazio kasuetan, konpainiek azken 10 urteetan jaso dituzten diru-laguntza publikoak bueltatu behar izatea planteatzen du.
"Lege eraginkorra izango da, produkzioa deslokalizatu nahi duen konpainiak bi aldiz pentsatu beharko baitu zer egingo duen", adierazi du Casanovak.
"Enpresei laguntzea eta jarduera industriala bultzatzea garrantzitsua da, baina laguntza publikoak jasotzen dituen konpainiak epe luzerako konpromisoa hartu behar du", erantsi du.
Casanovak gogoratu du Bizkaian 2007tik existitzen dela deslokalizazio kasuetan diru-laguntza publikoak berreskuratzeko lege bat, baina gainerako lurraldeetan "hutsune legal bat" dagoela kritikatu du.
Horrez gain, deslokalizazioak enpleguan "ondorio larriak" izaten dituela ohartarazi du, General Electricen kasua adibide moduan jarriz: "Deslokalizazio horrek Ortuellako lantegian 134 behargin kaleratzea ekarri zuen".