Ekonomia -

2018an

Ikerbasqueko ikertzaileek 28 milioi eurotik gorako funtsak erakartzea lortu dute

2007tik, EAEra 175 milioi euro erakartzea lortu dute ikertzaileok. Bestalde, 2019an, ikerketa karrera EAEn garatzen ari diren hiru emakume aitortuko ditu Ikerbasquek.

2007tik, EAEra 175 milioi euro erakartzea lortu dute ikertzaileok. Argazkia: Irekia
2018ko Ikerbasquen emaitzen aurkezpen ekitaldia
2007tik, EAEra 175 milioi euro erakartzea lortu dute ikertzaileok. Argazkia: Irekia

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikerbasqueko ikertzaileek 28.366.352 euroko funtsak erakarri dituzte Euskal Autonomia Erkidegora 2018an, aurreko urtean baino bi miloi euro baino gehiago. 2007tik, EAEra 175 milioi euro erakartzea lortu dute ikertzaileok, Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera.

Kanpoko finantzaketarekin 2018an landutako 589 proiektuetatik (aurreko urtean baino 160 gehiago), 12k Europako Ikerketa Kontseiluaren (ERC, ingelesezko sigletan) finantzaketa izan dute. Bestalde, 2018ko amaieran, 877 pertsonak egiten zuten lan Ikerbasque ikertzaileek zuzendutako taldeetan.

Hain zuzen, 2018a bukatzean, ibilbide luzeko eta lidergo gaitasun handiko 153 ikertzaile, goi mailako ikertzaile gazteen harrobia bultzatzen lagunduko duten 68 ikertzaile gazte, eta aurreko bi kategoriak osatuz ikertzaile karreraren etapa guztiak estaltzea xede duen Research Associate kategoriari atxikitako beste 18 ikertzaile zituen Ikerbasquek.

Gainera, ikerketa lanak oihartzun zabala lortu zuen aldizkari zientifikoetan. Hartara, urte osoan guztira 1.160 artikulu plazaratu zituzten indexatutako argitalpenetan, hau da, nazioarte mailako kualifikazio handiko hedabide editorialetan.

Ikerbasquek EAEko unibertsitate eta I+G zentroetan lan egiteko erakarri dituen mundu osoko ikertzaileak 36 herrialdetakoak ziren: espainiarrak (138), italiarrak (22), alemanak (11), errusiarrak (7), britainiarrak (7), kanadarrak (6) eta estatubatuarrak (5). Halaber, baziren Europa, Amerika eta Asiako beste 29 nazionalitatetako pertsonak ere. Gizonak ziren nagusi, % 79, eta, ondorioz, % 21 ziren emakumeak.

Jakintza arloei erreparatuta, fisika zientzietakoak (% 30), medikuntza zientzietakoak (% 22) eta kimika zientzietakoak (% 14) nabarmendu ziren; % 12 giza eta gizarte zientzietako eta ingeniaritzan adituak ziren, eta gainerako % 10, biologiakoak. Ikerbasqueko ikertzaile hauek munduko zentrorik ospetsuenetatik heldutakoak ziren, besteak beste, MIT, Harvard, Oxford eta Stanfordeko unibertsitateetatik, edota CNRS edo Max Planck elkarteetatik.

Horrela, iaz lortutako emaitzen harira, Eusko Jaurlaritzak adierazi du EAE zientziaren arloko "Europako erreferente" bihurtu dela. "Nazioartean, Euskadi ikerketa aurreratuko eskualdea dela aitortzen dute dagoeneko, nazioarte mailako euskal ikerketa-taldeei eta bertan nazioarteko kategoriako ikerketa garatzeko eskaintzen diren baldintza egokiei erreparatuta", nabarmendu du.

Helburuko zentroei dagokienez, Ikerbasqueko 106 ikertzaile Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) ari dira lanean, eta gainerako 133ak Deustuko Unibertsitatean eta Mondragon Unibertsitateetan eta ikerketa zentroetan daude lanean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren menpeko BERC (Basque Excellence Research Centre) izeneko bikaintasunezko bederatzi ikerketa zentroak tarteko direla.

Emakume ikertzaileak

Bestalde, 2018an, Ikerbasquek gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako plana garatu zuen Emakundek proposatutako metodologiaren arabera, eta prozesu horren ondorioz, berdintasunerako bidean aurrera egiteko asmoz, Ikerbasquek epe laburrean garatu beharreko zazpi ekintza proposatu ditu, horien artean, emakume ikertzaileen aitorpena.

Horren harira, 2019an, ikerketa karrera EAEn garatzen ari diren hiru emakume aitortu nahi ditu Ikerbasquek. Ekintza horren bitartez, emakume ikertzaile bikainen ibilbideak bistaratu nahi ditu, etorkizuneko belaunaldientzako eredu bihur daitezen.

Horrela, hiru aitorpen egingo dira: ikerketa karrera osoaren aitorpena, dagokion ikerketa esparruan lider bilakatu den emakume ikertzailearen aitorpena eta emakume ikertzaile gazte batek egindako ekarpen nabarmenaren aitorpena.

Azken aukeraketa egiteaz arduratuko da Ikerbasqueko Patronatuaren Ordezko Batzorde bat, Ikerbasqueko Patronatuko emakume ikertzaileek eta zuzendari zientifikoak osatua, eta Ikerbasqueko Batzorde Zientifikoak baliozkotuko du. Aitorpenak maiatzean edo ekainean antolatuko den jendaurreko ekitaldi batean banatuko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Zientzia