Ekonomia -
Greba itunpeko eskoletan
Umeen zaintza bermatuko duten gutxieneko zerbitzuak eskatu dizkiote Jaurlaritzari
Sindikatuek deitutako 10 greba egunei begira, eskaera erregistratu dute gaur gizarte ekimeneko itunpeko eskoletako guraso elkarteek.
Agentziak | Erredakzioa
EAEko gizarte ekimeneko itunpeko eskoletan gatazka bere horretan dago, eta datozen hiru hilabeteetarako 10 greba egun deitu dituzte sindikatuek. Horren aurrean, "seme-alaben zaintza eta arreta bermatuko duten gutxieneko zerbitzuak" eskatu dizkiote gaur guraso elkarteek Eusko Jaurlaritzari.
Gurasoek manifestazioa egin zuten larunbatean Bilbon, 38 guraso elkartek deituta. Luzatzen ari den gatazkari konponbide bat topatzea eskatu zieten aldeei.
Ikasturtea hasi zenetik 14 greba egun egin dituzte langileek, ELA, LAB, CCOO, Steilas eta UGT sindikatuek deituta. Datozen hilabeteetarako, gainera, beste 10 lanuzte antolatu dituzte. Zehazki, martxoaren 12tik 15era, apirilaren 1etik 4ra eta maiatzaren 8an eta 9an.
Horren aurrean, greba egun horietan "seme-alaben zaintza eta arreta bermatuko duten gutxieneko zerbitzuak" eskatu dizkiote gurasoek Jaurlaritzari.