Ekonomia -

Lan-gatazka

LABek bi greba egun deitu ditu Gipuzkoako zahar-etxeetan

Beharginak baldintza txarretan ari direla lanean eta egoera horren erantzule nagusia Gipuzkoako Foru Aldundia dela salatu du sindikatuak.

Grebarako deialdiak, zahar-etxe baten atarian. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Grebarako deialdiak, zahar-etxe baten atarian.
Grebarako deialdiak, zahar-etxe baten atarian. ETBko bideo batetik hartutako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LAB sindikatuak bi greba egun deitu ditu Gipuzkoako zahar-etxeetan, otsailaren 25ean eta 26an. ELAk bere aldetik 19 lanuzte antolatu zituen eta egun horietan bi sindikatuen protestak aldi berean izango dira.

LABek ohar batean azaldu duenez, grebaz gain, otsailaren 25ean elkarretaratzea egingo dute Gipuzkoako Foru Aldundiak Intxaurrondon duen egoitzaren aurrean; eta 26an, kotxe-karabana deitu dute auzo berean.

Zaharren egoitzetako langileen baldintzak urteetan ez direla hobetu eta behargin horiek babesik gabe salatu du sindikatuak. Halaber, egoera horren arduradun nagusia Aldundia dela azpimarratu du.

Ildo horretan, Foru Gobernuak "eredu pribatuaren aldeko apustua" egin duela eta egoitza horiek kudeatzen dituzten enpresek "lobby bat eratzea" bultzatu duela kritikatu du.

Gauzak horrela, zahar-etxeetan lan egiten duten beharginen baldintzak hobetzea exijitzen du LABek, eta gatazka honetan ELArekin batasun sindikalik lortu ez izana deitoratu du.

ELAk negoziazio mahaian egoteari uko egin diola, baina, aldi berean, patronalarekin negoziatzen aritu dela salatu du LABek.

ELAk enpresa gehienekin lortu duen aurre-akordioa "urratsa" dela onartu arren, LABek ohartarazi du lantaldea handitzeko proposamen zehatzik ez dutela adostu eta hori ezinbestekoa dela azpimarratu du, "zerbitzu horretako langileen arazorik larrienetakoa gehiegizko lan-zama baita".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa LAB Grebak EAE Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Adinekoentzako egoitzak Lan gatazkak azken ordukoa Gipuzkoako Foru Aldundia albisteak