Ekonomia -

Soldata Berdintasunaren Eguna

Emakumeek lanordu bakoitzeko gizonek baino % 14,3 gutxiago kobratzen dute Euskadin

Horrela, “gizonezkoek urtero jasotzen duten soldata berdintzeko 418 egun lan egin beharko lituzkete” emakumeek.

Una trabajadora. Imagen obtenida de un vídeo de EiTB.
Las mujeres cobran en Euskadi un 14,3% menos por hora trabajada que los hombres
Aldi baterako kontratuen % 78 emakumeek sinatzen dituzte

1:24

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadin gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala % 14,3koa da lanorduko irabazi normalaren batez bestekoa egin ezkero, Osalanek jakitera eman dituen datuen arabera.

Europar Batasunaren (EB) hitzetan, emakumeek batez beste gizonek baino % 15 gutxiago kobratzen dute. Ondorioz, “urtero gizonezkoek jasotzen duten soldata berdintzeko 418 egun lan egin beharko lituzkete”.

Baina dakigunez, urteak bakarrik 365 egun ditu. Beraz, emakumeek 53 lanegun gehiago behar dituzte gizonen soldata berdintzeko. Honenbestez, emakumeek “otsailaren 22ra arte lan egin beharko lukete gizonezkoen aurreko urteko soldata berdintzeko”.

Horregatik 2008ko azaroan Europako Parlamentuak otsailaren 22a aukeratu zuen arazo honetaz jabetzeko eguna ezartzeko. Izan ere, “emakumeentzako ondorio larriak ditu”, besteak beste, “bizi-proiektu autonomoak garatzeko arazoak eta pobrezia, batez ere zahartzaroan, pentsioen arrakalagatik”.

Osalan: "Arazo konplexua da, eta faktore askok eragiten dute"

Osalanen ahotan, soldata arrakala “arazo konplexua da, eta faktore askok eragiten dute”. Emakumeek lanordu bakoitzeko gutxiago irabazten dute “balorazio sozial eta ekonomiko txikiagoa dutelako”. Izan ere, “soldata txikiagoak dituzten sektore eta lanpostuetan ari dira lanean”.

Era berean, “zuzendaritzako lanpostuetan gutxiago dira”, eta “askoz gehiago kategoria baxuko lanbideetan”. Gainera, “emakume gutxi dira industrian eta industriarekin lotutako ogibideetan dabiltzanak, eta horiek lan-baldintza hobeak dituzte”.

Bestalde, “ordaindutako ordu gutxiago lan egiten” dituzte emakumeek, “ezkutuko ekonomian gehiengoa direlako”. “Lan prekarietatea ere handiagoa da”, aldi baterako eta lanaldi partzialeko kontratu “gehiago dituztelako”.

Azkenik, “zaintzan erantzunkidetasun faltak” eragina du arazoan, “emakumeek baimen eta eszedentzia gehiago hartzen dituztelako, ibilbide profesionala gehiago baztertuz”.

Loli Garcia CCOOko idazkari nagusiaren esanetan, emakumeek “doan lan egiten dute” urtearen herena. EAEn emakumezko langileen batez besteko soldatak % 32,3 egin beharko luke gora gizonezkoena berdintzeko.

Horregatik, desorekak eta arrakalak Euskadin arazo bat izaten “jarraitzen dute”, eta “hobetzeko zantzurik gabe”.

LAB sindikatu abertzaleak protesta egin zuen ostegunean Emakunderen egoitza barruan, soldata arrakala "arazo politiko" bat dela salatzeko, "ez kopuru bat".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAE albisteak Lana Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa Soldatak albisteak gaur