Ekonomia -
Eusko Legebiltzarra
EAEko administrazioek energia kontsumoa % 35 murriztu beharko dute 2030erako
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen jasangarritasun energetikoari buruzko legea onartu dute ostegun honetan. Erakundeei zein sektore pribatuari eragingo dio legeak.
Agentziak | Erredakzioa
EAEko administrazio publikoek % 35 murriztu beharko dute energia kontsumoa 2030erako, eta % 60 2050erako. Gainera, 2020tik aurrera erakundeek dituzten ibilgailuek soilik erregai alternatiboak erabili ahal izango dituzte.
Hori da, hain zuzen, ostegun honetan Eusko Legebiltzarrak onartu duen Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen jasangarritasun energetikoari buruzko legeak dioena. Legeak alderdi guztien babesa jaso du, abestenitu den PPrena izan ezik.
Legeak nagusiki erakundeei eragiten badie ere, sektore pribatua (industriak, saltokiak eta bestelako zerbitzuak) arautzeko planifikazio energetikoa ere ezartzen du. Hala ere, industrian legeak sektore publikoan izango duen "eragin handia" izango ez duela esan du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak.
Hori horrela, erakunde bakoitzak erabiltzen duen energiaren % 32 erakundearen eraikin bakoitzean ezarritako energia iturri jasangarritik lortu beharko duela ezartzen du legeak.
Eusko Jaurlaritzak, hasiera batean, 100 milioi euro bideratuko ditu aipatutako neurriak eta legean ezarritako gainerakoak abian jartzeko. Laguntza horri esker, udalek eta gainerako herri erakundeek beharrezko inbertsioak egin ahal izango dituzte.
Legeak EAEko administrazio guztiengan izango du eragina. Guztira, faktura elektronikoan 700 milioi euro aurreztea lortu nahi da, horretarako, 460 milioi euro inguruko inbertsioa egin beharko dela uste delarik.
Eraikin guztiek Efizientzia Energetikoaren Ziurtagiria izan beharko dute. Gainera, administrazio guztiek plan energetiko bat garatu beharko dute, energia kontsumoa xehatzen eta jasangarritasun energetikoa lortzeko hartuko dituzten neurriak azaltzen.
Bestalde, herrietako udalek erregai alternatiboak erabiltzen ez dituzten edo emisio kopuru jakin bat gainditzen duten ibilgailuei zenbait tokitan sartzeko debekua edo murriztapena ezarri ahal izango diete.
Halaber, eraikin publiko berriek ibilgailu elektrikoak kargatzeko eta bizikletentzako guneak izan beharko dituzte.
Eremu pribatuan (industria, zerbitzu eta saltokietako sektoreetan) taldeen, eraikinen, beroketa eta errefrigerazio sistemen eta ibilgailuen eta argiztapenaren auditoria energetikoak egin behar izango dituzte.
Era berean, txanda bakoitzeko ehun langile baino gehiago dituzten enpresetan garraio publikoa eskaintzen duen plan bat izan beharko dute, eta hidrokarburoen kontsumoa murriztu beharko dute 2031rako.
Berogailu zentralak dituzten eraikinetan etxe bakoitzak bere kontadore indibiduala izan beharko du.
Tapiaren esanetan, legea "oso zorrotza" da sektore publikoan eta malguagoa pribatuan, azken horretan bateragarri egin behar baitira lehiakortasuna eta eraginkortasun energetikoa.