Ekonomia -
Hazkundea
Euskalduna Jauregiak 'urte historikoa' itxi du
811 ekitaldi hartu eta 7,5 milioi euro lortu ditu, 2017an baino % 9,5 gehiago.
eitb.eus
Euskalduna Jauregiak 2018an lortutako hazkunde "handia" berretsi du, "urte historikoa" izan baita; guztira, 811 ekitaldi hartu ditu eta 7,56 milioi euro lortu ditu, 2017an baino % 9,5 gehiago.
Horrenbestez, Euskalduna Jauregiak, batetik, egonkortasuna lortu du bileren eta ekitaldien esparruan, 447 ekitaldirekin (% 11 nazioartekoak) eta 3,46 milioi euro lortuta (% 52,7 nazioarteko fakturazioa izan da), Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatuak eta Andoni Aldekoa Euskalduna Jauregiko zuzendari nagusiak astelehen honetan prentsaurrekoan ezagutzera eman dutenez.
Bestalde, 156 ikuskizun kultural jaso ditu, 2017an baino 10 gehiago, eta guztira 364 emankizun izan dira.
Hori dela eta, 2018 "erreferentziazko urtea" izan da Euskalduna Jauregiarentzat; okupazioa % 90ekoa izan da eta 518.000 lagun bildu ditu.
Bestalde, Euskalduna Jauregiak 537.000 euro lortu ditu ustiapeneko mozkinei esker, 2017an baino % 76,8 gehiago. Horrenbestez, "berriro ere ez dugu diru laguntza publikoen beharrik izan", esan dute Jauregiko ordezkariek. Halaber, sarreretan jasotako % 9,54ko hazkundeari esker, jarduera komertzialaren gastuei aurre egin diete eta Euskalduna Jauregiaren proiektu estrategikoetan aurrera egin ahal izan dute.
Bilerak eta jardunaldiak finkatu dira
Okupazioa handitu egin da, kongresu gehiago eta tamaina handiagokoak izan baitira; guztira, 447 izan dira 2018an, % 11 nazioartekoak, gainera.
Enpresa (% 36) eta osasun (% 31) sektoreak dira jardunaldi gehien antolatu dituztenak, eta erakundeak (% 15) eta elkarteak (12%) daude horien atzetik. Azaroan antolatu ziren ekitaldi gehien (67), eta ekainean eta urrian ere asko egin ziren. Bestalde, 38 kongresu izan dira.
Eskaintza kulturala, gero eta nabariagoa
Euskalduna Jauregiak 156 ikuskizun eskaini ditu, 2017an baino 10 gehiago, eta guztira 364 emankizun izan dira. Gainera, okupazioa % 65ekoa izan da.
Ikuskizun anitz eta ezberdin izan dira: opera, balleta, musika klasikoa, antzerkia, pop-rock kontzertuak eta bestelako musika eta antzerki ikuskizunak.
Era berean, publiko guztientzako emankizunak izan dira, baina antzerki emankizunak izan dira, beste behin, ugarienak (% 33). Atzetik, orkestra kontzertuak (% 20), MusikaMusica programakoak eta bestelakoak (% 13) egon dira. Opera emankizunak (% 6), banden kontzertuak (% 2) eta musika klasikoaren kontzertuak (% 1) ere izan dira.
Bestalde, Euskalduna Urban Hall aretoak jasotako ekitaldiek ere gora egin dutela azaldu dute. Gainera, Eneko Atxa sukaldariaren jatetxe berria (Eneko BILBAO by Patricia Urquiola) zabaldu dutela eta Michelin izar bat lortu duela nabarmendu dute.
Horrez gain, Jauregiaren webguneak 539.000 bisitari jaso dituela eta sare sozialetan 12,9 milioi jarraitzaile dituztela azpimarratu dute.