Ekonomia -

EPAIA

Kalte-ordaina berretsi diote amiantoagatik hildako gizon baten sendiari

Cominter Tisu konpainiak guztira 141.000 euro ordaindu beharko die amiantoagatik hildako langile gipuzkoar baten alargunari eta seme-alabei, EAEko Auzitegi Nagusiak enpresaren helegitea baztertuta.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cominter Tisu enpresak Donostiako epaitegi batek erabakitakoaren aurka jarritako helegitea baztertu du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak. Hori dela eta, 141.000 euro ordaindu beharko die amiantoak eragindako biriketako minbizi baten ondorioz hildako gizon baten alargunari eta haren seme-alabei.

Asviamie EAEko amiantoaren biktimen elkarteak ohar bidez jakinarazi duenez, kalte-ordain ekonomiko horrez gain, justiziak kondenatutako Cominter Tisu konpainiak auzibidearen kostuak ere ordaindu beharko ditu.

Behargina 2017ko ekainaren 20an hil zen, amiantoak eragindako minbizi baten ondorioz. 1962 eta 1993. urteen artean Gureola Scott enpresan lan egin zuen, mantentze lanetan. Zehazki, amiantoz forratuta zeuden tutuak eta galdarak konpontzen zituen. Halaber, paperaren makinako plakak eta kartoizko junturak aldatzen zituen, balaztetako zapatak konpondu eta aldatzeaz gain.

EAEko amiantoaren biktimen elkartearen esanetan, biktimak arriskuen berri izan gabe egin zuen lan eta eraman zuen laneko arropa etxera. Bestalde, enpresak ez zion amiantoarekin lan egiteak osasunerako zituen arriskuez ohartarazi eta ez zion babesgarririk, ez eta mediku azterketa zehatzik eskaini.

Asviamieren hitzetan, Cominter Tisu konpainiak Gureola Scott enpresaren ondorengoa izatea ukatzen badu ere, 2014 eta 2015 artean 30 langile kontratatu zituen eta horietatik 24 aipaturiko enpresa horietakoak ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa EAE Lana berriak Epaiketak bideoak Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea EAEko Justizia Auzitegi Nagusia