Ekonomia -
LAN GATAZKA
Itunpeko ikastetxeetako gurasoek manifestazioa deitu dute otsailaren 23rako Bilbon
Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren paretik abiatuko da martxa, eta Arriagan amaitu. Gatazka berehala konpontzeko eskatuko dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako hainbat guraso elkartek beste manifestazio bat deitu dute otsailaren 23rako Bilbon. Euren seme-alaben ikastetxeetan irakasleek eta Kristau Eskolak duten lan gatazka berehala konpontzea eskatuko dute.
Lan baldintza hobeagoak aldarrikatzeko protestan ari dira irakasleak. Sindikatuen eta patronalaren arteko negoziazioak ez atzera ez aurrera daude, eta urtarrileko greba egunen ostean, datozen hilabeteotarako beste hamar lanuzte deitu dituzte langileek.
Horren aurrean, gurasoak haserre daude, gatazkaren kaltetu nagusiak euren seme-alabak direla iritzita. Bi aldeei egoera bideratzeko deia egin diete, eta Eusko Jaurlaritzari, berriz, bitartekari lana egin dezala exijitu diote.
Datorren asterako deitutako manifestazioa Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren paretik abiatuko da, eta Arriagan amaitu. Gatazka berehala konpontzeko eskatuko dute.