Ekonomia -
GREBA
Sindikatuek greba deitu dute ikastetxe publikoetako jantokietan otsailaren 26an
EAEko ikastetxe publikoetako jantokietan lan egiten duten enpresa pribatuetako beharginak (10.000 inguru) greba egitera deitu dituzte, hitzarmen 'duin' baten alde.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAEko ikastetxe publikoetako jantokietan lan egiten duten enpresa pribatuetako beharginak (10.000 inguru) greba egitera deitu dituzte otsailaren 26an, hitzarmen "duin" baten alde. Halaber, eskatzen dute beren lan baldintzak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza departamentuari dagozkion eskola-jantokietako langileekin parekatzea.
LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek egin duten greba deialdiaren harira, patronalaren aldetik jasotzen duten erantzunaren baitan, mobilizazio gehiago egingo dituztela iragarri dute.
Sindikatuetako ordezkariek prentsaurrekoan azaldu dutenez, aurreko lan hitzarmena 2015ean iraungi zen, eta, geroztik, bi urtean negoziazio-mahaia 15 aldiz elkartu bada ere, ez dute aurrerapausorik lortu. Hori dela eta, greba deialdia egitea erabaki dute. Greba deitzaileen eskari nagusia Hezkuntza Saileko sukaldeetako langileekiko homologazioa lortzea da.
Salatu dutenez, bi kolektiboen arteko lan baldintzen artean "alde izugarria" dago, lanaldietatik hasita. Hezkuntza Sailaren menpeko langileek egun osoko lanaldiak dituzte; besteek, ostera, ordu batzuetako lanaldiak baino ez (50 minututik 2 ordura artekoak). Horien kasuan, batez besteko hileko soldata 400 eurokoa da.