Ekonomia -

Lan-gatazka

Sindikatuek beste hamar greba egun deitu dituzte itunpeko hezkuntzan

Lau lanuzte jarraian egingo dituzte martxoan (12tik 15era), beste lau apirilean (1, 2, 3 eta 4) eta bi gehiago maiatzean (8 eta 9).

Sindikatuek beste hamar greba egun deitu dituzte itunpeko hezkuntzan. Artxiboko argazkia: EFE
Sindikatuek beste hamar greba egun deitu dituzte itunpeko hezkuntzan
Sindikatuek beste hamar greba egun deitu dituzte itunpeko hezkuntzan. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek EAEko itunpeko ikastetxeetan beste hamar greba egun deitzea erabaki dute ostiral honetan, hitzarmena aldarrikatzeko. Greba egunak martxoan, apirilean eta maiatzean izango dira, sindikatuetako iturriek jakitera eman dutenez.

Lau lanuzte jarraian egingo dituzte martxoan (12tik 15era), beste lau apirilean (1, 2, 3 eta 4) eta bi gehiago maiatzean (8 eta 9), ETBk aurreratu duenez.

Lehenago, itunpeko ikastetxeetako beharginak otsailaren 28rako manifestazio batera deitu dituzte sindikatuek.

Sindikatuetako ordezkariek bilera egin dute goizean, Bilbon, gatazkan eman beharreko pauso berriak erabakitzeko. Iragan astean aldebiko bilerak egin zituen sindikatu bakoitzak Kristau Eskola sektoreko patronal nagusiarekin.

Ikasturte honetan 14 lanuzte egin dituzte itunpeko 215 ikastetxeetan. Ia 9.000 beharginek lan egin eta 100.000 ikaslek ikasten dute bertan. EAEko itunpeko ikastetxeen % 70 dira (ikastolak kanpo).

Patronalek langileen eskaerak asetzeko “proposamenak eta edukiak aurkeztu barik” jarraitzen dutela salatu dute sindikatuek agiri batean. Mobilizazioak “areagotzea beste biderik ez dute uzten”, erantsi dutenez.

Patronalek langileen eskaerak asetzeko "proposamenak eta edukiak aurkeztu barik" jarraitzen dute

Urtarrilean zortzi greba egun jarraian egin ondoren, Kristau Eskolarekin bildu dira, baina patronalak “eduki serioak proposatu gabe” jarraitu du, sindikatuen arabera. Aldebiko bileren helburu bakarra “sindikatuen artean tirabirak sortzen saiatzea” izan dela salatu dute.

ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGTren ahotan, patronalek “ez dute inolako akordio borondaterik” agertu gatazkan zehar. Bestalde, Eusko Jaurlaritza kritikatu dute sindikatuek, “dagokion erantzukizunarekin jokatzen ari ez delako”.

Aurpegiratu diotenez, Exekutiboak “gatazkaren konponbidean benetan inplikatzea saihestu du, eta ekintza guztiak bere moteltasuna justifikatzeko izan dira”.

Familiak gatazka luzatzearekin “kezkaturik” izatea ulertzen eta partekatzen dutela ziurtatu dute sindikatuek. Horregatik, patronalei eta Eusko Jaurlaritzari gatazka konpontzeko neurriak hartzea eskatu diete, beharginen aldarrikapenei erantzuna emanez eta akordioa hurbiltzeko proposamenak eginez.

Sindikatuen hitzetan, akordioetara heltzeko “borondatea” dute, eta “negoziazio serio bat hasteko” prest daude, baina “ez edukirik gabeko bilera-sortan parte hartzeko”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA LAB Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak CCOO UGT Euskal sindikatuak Lan gatazkak