Ekonomia -

Kaleratzeak

2.100 langile kaleratuko dituzte Dia supermerkatuek

Supermerkatuen administrazio-kontseiluak 300 milioi eurotik gorako galerak iragarri ditu. Ez ditu zehaztu kaleratze horietako zenbat izango diren Euskal Herrian.

Dia supermerkatua / Argazkia: EFE.
Dia supermerkatua.
Dia supermerkatua / Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diako administrazio-kontseiluak gehienez ere 2.100 langile kaleratuko dituela iragarri du, 2018. urtea 352,58 milioi euroko galerekin itxi ostean. Aurreko urtean, 2017an, 101,20 milioi euroko mozkinak izan zituzten.

"Dia eta Twins Alimentacion filiala sozietateen egoeraren analisiaren prozesuaren ondorioz, Dia eta Twinsen kaleratze kolektiborako prozedura legal baten hasiera hitzartu da gehienez 2.100 lan kontratu suntsitzeko, legean aurreikusitako baldintzak eta prozedurak beteta", esan dio enpresak Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari.

Horretarako, langileen ordezkariei (edo langileei) kaleratze kolektiboa garatzeko galdeketak hasteko asmoa helaraztea adostu du.

Gainera, behin Negozio Planaren diseinua eta aurkezpen prozesua beteta, 2018aren hasieran osatutako Estrategia Batzordeak bere helburuak bete dituela uste du administrazio-kontseiluak, eta desegin egin da.

2018an 7.228,8 milioi euroko sarrerak izan zituen, eta urtebete lehenago 8.210 milioi eurokoak izan ziren.

Emaitzak kaleratu dituen aste berean, LetterOnek, Mikhail Fridman inbertitzaile errusiarrak kontrolatzen duen eta enpresaren % 29 duen sozietateak, Dia erosteko eskaintza publikoa egin du.

Salaketa Fiskaltzaren aurrean

Dia supermerkatuek salaketa bat jarri dute Fiskaltzaren aurrean, kontuetan irregulartasunak antzeman ostean. Horrek aurreko urteetako emaitzak berrikustera eraman ditu, berriz kalkulatzeko.

Komunikatu batean, 2017ko ekitaldiaren gaineko "ikerketa forentse" baten ostean hartu dutela erabakia azaldu du enpresak, baina ez du irregulartasunen erantzuleak nortzuk diren zehaztu.

Gainera, KPMG kontu-ikuskariaren kontuen inguruko memoria plazaratu du Diak. Bertan, langileek eta taldeko zuzendariek egindako "praktika irregularrak" daudela ohartarazten da.

Txostenaren arabera, "ikerketak agerian jarri ditu langile eta zuzendari batzuek (Taldearen zuzendaritzako kide ohiak tartean) ustez egin dituzten praktika irregularrak, barne kontrolak saihestuta". Berriz errepikatu ez dadin zainketa protokoloak indartuko dituztela ere esan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Merkataritza Lan gatazkak albisteak gaur Supermerkatuak