Ekonomia -
Lan gaixotasuna
35 lagun hil ziren iaz Euskadin amiantoaren eraginez
Jesus Uzkudun Asviamie elkarteko bozeramaileak azaldu duenez, minbizia eragiten duen mineral honekin lan egiten duen behargin kopurua haziz doa: urtero 1.000 langile gehiago.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Asviamie Amiantoaren Biktimen Elkarteak salatu du iaz Euskadin amiantoarekin lotutako 35 heriotza gertatu zirela.
Jeus Uzkudun elkarte horretako bozeramaileak egin ditu adierazpenok Donostian, Asviamiek Justizia Jauregiaren aurrean antolatutako elkarretaratzearen ondorik. Gaur bertan, amiantoak eraginda hil ziren bi langileren kasuak epaitu dituzte bertan.
Uzkudunen hitzetan, amiantoak eragindako 35 heriotza zenbatu zituzten 2018an, "seguruenik askoz gehiago izan ziren arren".
Gainera, adierazi du minbizia eragiten duen mineral honekin lan egiten duen behargin kopurua haziz doala: urtero 1.000 langile gehiago. Guztira, 9.850 lagun inguru daude "zaintzapean".
Hori dela eta, Uzkudunen iritziz beharrezkoa litzateke Diputatuen Kongresuak kaltetuak babestea, senitartekoek bizi duten "tortura judiziala" saihesteko.
Prentsaurrekoan azaldu duenaren arabera, babes hori lortuz gero kaltetutakoen familiek ez lukete auzitegietara jo beharko, eta enpresen desagertzeen ondorioz noraezean dauden pertsona askok kalte ordainak jasoko lituzkete.
Plasticos Tolosa SA, Hayward Iberica SLU, CAF, Viuda de Garmendia Eraikuntzak eta Gutierrez Cuesta Eulogio enpresek eragindako kalteak salatu dituzte gaurko epaiketetan.