Ekonomia -

Osalan

2018an 37 pertsona hil ziren lan-istripuan EAEn, 2017an baino % 36 gehiago

Horietatik 34 lanpostuan eta lanaldian gertatu ziren, eta hiru in itinere. Iaz bajarekin 35.786 lan-istripu izan ziren, 2017an baino % 1,5 gehiago.

Elkarretaratze bat. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Elkarretaratze bat. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Elkarretaratze bat. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

37 pertsonak bizitza galdu zuten iaz lan-istripuan, Euskal Autonomia Erkidegoan, 2017an baino % 15,6 gehiago; izan ere, 32 hildako izan ziren aurreko urtean.

Heriotzen artean, 34 lanpostuan eta lanaldian gertatu ziren, 2017ko datuekin alderatuta % 36ko gorakada; izan ere, 25 hildako izan ziren orduan; eta hiru langile in itinere hil ziren, aurreko ekitaldiarekin alderatuta % 57,1 gutxiago. 2017an 7 behargin hil ziren in itinere.

Jon Azkue Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeak eta Alberto Alonso Osaleneko zuzendari nagusiak 2018ko lan-istripuen eta gaixotasun profesionalen berri eman dute asteazken honetan, prentsaurrekoan.

Iaz bajarekin 35.786 lan-istripu izan ziren Euskadin, 2017an baino % 1,5 gehiago; horietatik 33.972 ezbehar berriak izan ziren, % 1,2ko gorakada batekin; eta 1.814 berrerorikoak izan ziren, aurreko ekitaldian baino % 7,2 gehiago.

2018ko 33.972 istripu berrietatik, 33.728, % 99,2 ezbehar arinak izan ziren; 207, % 0,7, larriak eta 37 heriotza, % 0,1.

Ezbehar berri horietatik, 30.115 lanaldian gertatu ziren eta 4.857 in itinere.

Datu “txarrak” direla onartu du Azkuek

Lanaldian gertatutako 30.115 istripu horietatik 29.912 arinak izan ziren, 2017an baino % 1,6 gehiago; 169 larriak, % 5 gehiago eta 34 heriotza (hiru emakume eta 31 gizon), aurreko urtean baino % 36 gehiago. 2017an 25 behargin hil ziren lanean.

Bost langile hil ziren Araban, 2017an baino lau gehiago; 21 Bizkaian, aurreko urtean baino sei gehiago, eta zortzi Gipuzkoan, beherakada izan den lurralde bakarra; izan ere, 2017an bederatzi behargin hil ziren bertan.

Sektoreka, nekazaritzan, abeltzaintzan eta arrantzan 641 istripu izan ziren, 2017an baino % 3,1 gutxiago; eraikuntzan 2.998 ezbehar, aurreko urtean baino % 1,4 gutxiago, eta zerbitzu sektorean 15.952 ezbehar, % 1,6 gutxiago.

Gaixotasun profesionalei dagokionez, 2018an bajarekin 1.511 eritasun profesional izan ziren, 2017an baino % 4,6 gehiago, eta bajarik gabeko 1.767 gaixotasun, aurreko urtean baino % 6,7 gehiago.

Datu “txarrak” direla onartu du Jon Azkue sailburuordeak. Azkueren hitzetan, “gogoeta bat beharrezkoa da eta, printzipioz enpresaburuek, ekin behar dute, lanpostuan osasuna eta segurtasuna bermatzeko ardura beraiek dutelako”. Bestalde, Euskadin negoziatzen diren lan hitzarmenetan laneko arriskuen prebentzioa barneratzea beharrezkoa dela uste du.

Alberto Alonso Osalaneko zuzendari nagusiaren ahotan, “ezbehar klasikoak” dira gehienbat, erorikoak eta makineriaren kontrola galtzea esaterako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Enpresaburuak