Ekonomia -
Eskola jantokien kudeaketa
Eskola jantokietako enplegua eta lan-baldintzak arriskuan daude, ELAren esanetan
Sindikatuak berriro kritikatu du Eusko Jaurlaritzak familien gain ezarri nahi izatea eskoletako jangelen administrazio lanaren "zama".
Agentziak | Erredakzioa
ELA sindikatuak berriro ere kritikatu du Eusko Jaurlaritzak familien gain ezarri nahi izatea eskoletako jangelen administrazio lanaren "zama", eredu horrek "kolokan jartzen baitu ehunka langileren lanpostu eta lan-baldintzak".
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak berriki iragarri du jangela ereduan aldaketak ezarri nahi dituela (langileen kontrataziotik hasi, elikagaien erosketarekin jarraitu eta jangelen erabateko kudeaketaraino), jangelaren kudeaketa osoa ikasleen familia elkarteen esku uzteko aukera irekiz.
Noemi Etxebarria, Maialen Aranburu eta Ainara Plazaola ELAko ordezkariek prentsaurrekoa eman dute Bilbon Jaurlaritzaren neurria gaitzesteko, "onartezina, antidemokratikoa eta langileen eskubideen aurkakoa baita". Gainera, familien elkarteek ere neurria baztertu egin dutela esan dute. Izan ere, erabaki horren ondorioak pairatuko dituzten langileen negoziazio mahaietan ez baita horren inguruko "inolako hausnarketa eta negoziaziorik eman", salatu dute.
Gainera, ELA oso kezkaturik dago harturiko erabakiarekin langileen lanpostuak beraiek eta lan-baldintzak arriskuan jartzen direlako, bai Hezkuntza Sailarentzat zuzenean lan egiten dutenentzat baita azpikontrataturiko enpresetan lan egiten dutenentzat ere. "Gaur egun eskoletako jangeletan langile publiko moduan lan egiten dutenen %10 (7.500 langile inguru) pribatizatzeko bide berri bat irekitzen da. Eta azpikontrataturiko enpresetan lan egiten duten langileen lanpostuak eta lan-baldintzak ere arriskuan jartzen dira", azaldu dute.
Bestalde, ikasleen familia elkarte gehienentzat agindu horrek ezartzen dituen baldintzak betetzea eta burokrazia lanak ia ezinezkoak direla esan dute, "ez baitute ez ezagutza, ez baliabide ezta denborarik ere kudeaketa horrek eskatzen duena betetzeko", kritikatu dute. Hori dela eta, "elementu guztiek pentsarazten digute aginduaren helburua egoera bere horretan mantentzea dela", esan dute.
ELArentzat beharrezkoa da jangelen kudeaketa eredua aldatzea. Elikadura burujabetza eta elikadura osasuntsua jangela ereduaren ardatz izan behar dute, baina betiere Eusko Jaurlaritzaren menpean.
Hori horrela, enplegua mantentzea eta lan baldintza duinetan aritzea "marra gorriak" izan dira beti ELArentzat, eta balizko eredu aldaketa batean ere hala izaten jarraituko dutela adierazi dute.
ELAk kudeaketa sistema berriaren negoziazioa eskatu du, egungo kudeaketak catering enpresa handiei mesede egiten baitie. Gainera, azken urteetan catering enpresa horietariko askok iruzur nabaria egin dutela esan dute. EAEko ikastetxe publikoetako jantokietan zerbitzua eskaintzen duten zortzi catering enpresei (Eurest, Auzo Lagun, Gasca, Gastronomía Vasca, Tamar, Magui eta Goñi) 18 milioi euroko isuna jarri die Lehiaren Agintaritzak, prezioak manipulatu eta azken urteetako esleipenetan lehia desitxuratu dutelako.
Horrenbestez, ELAk eskola jangelen kudeaketa arautzen duen agindua eta eskola jantokien zerbitzua kontratatzeko plegu teknikoak eta klausulak aldatzea exijitzen jarraitzen du, eta sistema berria nolakoa izan behar den eta jangelek jarraitu beharreko irizpideak erabakitzeko benetako eztabaida eta negoziazio publikoa zabaltzea.