Ekonomia -

Lan istripua

43 urteko behargin bat hil da Zizurkilen, lan istripuan

Lazkaoko bizilaguna da hildakoa. Ezbeharra Construcciones Metalicas ULA lantegian gertatu da, baina hildako langilea Begiralia konpainiakoa da, Itari taldeko enpresa bat.

Lan istripua, Zizurkilen. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Lan istripua, Zizurkilen
Lan istripua, Zizurkilen. ETBren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lazkaoko 43 urteko gizon bat hil da eguerdian Zizurkilen, Bulandegi bidean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, eraikuntza metalikoen enpresa batean gertatu da ezbeharra. Dirudienez, langileari pieza bat erori zaio gainera.

12:40an jazo da istripua, eta osasun zerbitzuak bertaratu direnerako behargina hilda zegoen.

Ezbeharraren arrazoiak ikertzen ari direla zehaztu du Segurtasun Sailak, baina piezaren bat beharginaren gainean erori izana hipotesietako bat dela erantsi du. Langilea istripuaren tokian bertan hil da.

ELA sindikatuak jakitera eman duenez, ezbeharra Construcciones Metalicas ULA lantegian gertatu da, baina hildako langilea Begiralia konpainiakoa zen, Itari taldeko enpresa bat.

ELA: "Ezbehar kopuruaren gorakadaren arrazoi nagusia lan-baldintza okerrak dira"

Heriotzagatik “atsekabe handia” agertu du ELAk agiri batean, eta biktimaren senideei zein lankideei “babesa eta elkartasuna” adierazi die.

Ezbehar kopuruaren gorakadaren arrazoi nagusia “lan merkatuko erreformek inposatutako lan-baldintza okerrak” direla uste du sindikatu abertzaleak. Osalanen eta Lan Ikuskaritzaren ikerketa eskatu du, istripuaren arrazoiak argitzeko.

Bestalde, laneko osasunaren legedia aldatzeko “erakunde publikoen borondate eskasa” kritikatu du ELAk, eta “patronalarekin ados” daudela salatu du. Azkenik, enpresen aurkako zigorrak areagotzea eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Gipuzkoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak