Ekonomia -

Taxi sektorea

Taxi eta VTC sektorearen jarduera arautuko dute Euskal Autonomia Erkidegoan

Taxilarien Federazioak eta alokairuko auto txoferdunen ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean arituko dira, bi negozio ereduak ahalbidetuko dituen araudia prestatzeko.

Taxilariek Loiuko aireportuan egin zuten greba. Artxiboko argazkia: EFE
Taxilariek Loiuko aireportuan egin zuten greba.
Taxilariek Loiuko aireportuan egin zuten greba. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Taxiaren Euskal Federazioa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako alokairuko auto gidaridunen ordezkariak eta Eusko Jaurlaritza elkarlanean arituko dira sektorea arautuko duen proposamen bat egiteko.

Joan den abenduan sinatu zuten akordioa hiru aldeek eta gaur lehendabiziko bilera teknikoa egin dute. Batzorde horretan Eusko Jaurlaritza, udalak, erabiltzeak, taxilariak eta alokairuko auto txoferdunak daude. Hilabetean behin batzartuko direla jakinarazi dute.

Foro horretako ordezkariek uko egin diote gatazka kalera ateratzeari, euskal gizarteak eta bertara datozen bisitariek prozesu hau "normaltasunez" egin daitekeela eta bi zerbitzuek "kalitatea eta profesionaltasuna" bermatzen dutela ikus dezaten.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko egoera Madril edo Bartzelona bezalako hiriekin alderatu ezin daitekeela uste dute.

Sektorea aro berrira egokitu behar dela ulertzen dute, eta horretarako teknologia berriak nahiz gutxiago kutsatzen duten ibilgailuak erabili behar direla babestu dute, "garraiobide jasangarria sustatuz".

Oinarri horiek kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak sektorean existitzen diren bi negozio ereduen jarduera arautu nahi du, "bien eskubideak eta betekizunak zehaztuta".

Egun, Euskal Autonomia Erkidegoan 2.137 taxi daude; alokairuko auto gidaridunak, berriz, 95 dira. Hau da, alokairuko txoferdun auto bakoitzeko 23 taxi daude.

Horrez gain, 264 eskaera egin dira VTC baimena eskuratzeko. Alabaina, Eusko Jaurlaritzak uste du ez direla guztiak onartuko, Auzitegi Gorenak Estaturako ezarri zuen ratioa (1/30) gainditzea ekarriko lukeelako horrek.

Bestalde, Uber eta Cabify plataformek Eusko Jaurlaritzarekin biltzea galdegin dute, baina Gobernuak azpimarratu du araudia egin artean ez dela haiekin batzartuko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan gatazkak azken ordukoa Garraio publikoa gaur Taxiak VTC zerbitzua