Ekonomia -

Txostena

Osakidetzaren lan eskaintzetan epaimahaia zozketaz aukeratzea proposatu du Arartekoak

Osakidetzaren 2016-2017 lan eskaintza publikoarekin lotuta egindako azterketa bukatu du Arartekoak, espezialitate batzuetan irregulartasunak antzeman ondotik.

Manu Lezertua Arartekoa. Artxiboko irudia: EiTB
Manu Lezertua Arartekoa. Artxiboko irudia: EiTB
Manu Lezertua Arartekoa. Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzako lan eskaintza publikoetan berdintasuna, inpartzialtasuna eta gardentasuna bermatzeko neurri berriak martxan jartzea proposatu du Arartekoak; besteak beste, epaimahaietako kideak zozketa bidez aukeratzea, probak prestatzeko lana pertsona bakarraren ardura ez izatea eta azterketak egiteko eta zuzentzeko irizpideekin gidaliburu bat finkatzea gomendatu du.

Osakidetzaren 2016-2017 lan eskaintza publikoaren harira egindako azterketa bukatu du Arartekoak, espezialitate batzuetan irregulartasunak antzeman ondotik. Hiru espezialitate medikotako bost azterketa errepikatzea erabaki zuen Osakidetzak. Hala ere, Fiskaltzaren aurrean 19 espezialitate salatu zituzten eragileek.

Dozena bat gomendio eman ditu Arartekoaren txostenak, besteak beste, ahalik eta parte-hartze handienarekin eztabaida bat bultzatzea, datozen lan eskaintza publikoetan “berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioak erabat errespetatu” daitezen neurriak ezartzeko, “inpartzialtasunaren eta gardentasunaren eredu” izateko.

Bestalde, hautaprobak epaimahaiek beraiek prestatzea, eta posible ez denean, “kanpoko adituengana” jo behar delako, lana pertsona bakar batek ez burutzea proposatu du Arartekoak.

Probak prestatzeko arauekin eta azterketak zuzentzeko irizpideekin gidaliburu bat egitea; eta epaimahaiko kideak zozketa bidez aukeratzea, izendapen zuzena saihestuz, eta hautaketa metodo zein tekniketan trebatzea gomendatu du erakundeak. Era berean, “hautaketa objektibo eta inpartzialean izan behar diren balio, printzipio eta jokabideen" berri emango diete epaimahaiko kideei.

"Ez da salatutako ustezko irregulartasunak argitzeko helburuarekin egindako ikerketa bat bezala planteatu"

Filtrazio baten susmopean diren probak errepikatu behar diren kasuetan, epaimahaien osaketa berritzearen alde agertu da Arartekoa; Osakidetzaren azken lan eskaintza publikoaren bost azterketarekin gertatu bezala.

Arartekoak agiri batean gogorarazi duenez, txostena “salatutako ustezko irregulartasunak argitzeko helburuarekin egindako ikerketa bat bezala ez da planteatu”. Hori EAEko Auzitegi Nagusiko Fiskaltzaren lana dela erantsi du erakundeak.

Justizia auzitegien aurrean aurkeztutako helegiteek lana baldintzatu dutela azaldu du Arartekoak, organo judizialen lana ezin duelako oztopatu.

Arartekoaren txostenaren berri izan ondoren, etorkizuneko deialdietan hobetzeko asmoa partekatu dute Osakidetzak eta Osasun Sailak, eta proposatutako 12 neurriak barneratzeko konpromisoa hartu dute.

Maiatza baino lehen aurkeztu beharreko lan eskaintza publiko eredu berriak Eusko Legebiltzarraren eskaerak eta Arartekoaren gomendioak jasoko dituela iragarri dute.

Osakidetzaren hitzetan, hautaproba ereduaren inguruan “ikuspegi kontrajarriak” daudela egiaztatu du Arartekoaren txostenak, eta gai honen inguruan “adostasun zabal” bat beharrezkoa dela agerian utzi du.

Txostenaren edukia “positiboa” dela uste dute Osakidetzak eta Osasun Sailak. Arazoaren inguruan izandako “erabateko gardentasuna” azpimarratu du Osakidetzak. Gainera, “prozesua azkenera arte eramateko eta lan eskaintza publikoa bermeekin bukatzeko” konpromisoa berretsi du Osakidetzak.

Osasun Sailaren ahotan, Arartekoaren txostenak Osakidetzak jarraitutako prozedura “babesten” du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Arartekoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan Eskaintzak