Ekonomia -
Osasunbidea
Medikuen Sindikatuak deitutako lehen greba eguna gaur, Nafarroan
Otsailerako beste lau lanuzte deitu ditu sindikatuak. Osasun Kontseilaritzak 'ardura' eskatu du, gripearen epidemia dela eta. LABek, Osasunbidean bigarren indarrak, 'interes partikularrak' ikusi ditu.
EITB.EUS
Osasunbideko Lehen Arretako medikuak eta espezialistak grebara deitu ditu gaur Nafarroako Medikuen Sindikatuak (SMN, gaztelaniaz). Urtarrilerako eta otsailerako deitu dituen bost grebetako lehena da gaurkoa (gainerakoak otsailaren 7, 14, 21 eta 28an egingo dituzte).
Besteak beste, honakoak eskatu dituzte: gaixoak artatzeko denbora gehiago izatea, behin-behinekotasuna murriztea, lan-karga arintzea, lan-baldintza eta soldata hobeak edukitzea, eta euskara Nafarroan mediku lanetan aritzeko baldintza ez izatea.
Rosa Alas Medikuen Sindikatuko presidenteordeak Euskadi Irratiari esan dionez, "urteen poderioz okerrera egin dugu, konponbideak behar ditugu, lehenbailehen. Lan-karga handia dugu, eta, horrez gain, Estatuan gutxien kobratzen dugun medikuak gara".
Nafarroako Osasun Kontseilaritzak "elkarrizketarako borondatea" agertu, eta gogorarazi du 20 bat konpromiso zituen proposamen bat bidalia diola sindikatuari. Dena dela, grebak herritarrei eragingo dien kalteaz ohartarazi du, eta "ardura" eskatu dio sindikatuari, gripe epidemiak goia jo duelako. Horrela, Kontseilaritzak greba bertan behera uztea eskatu zion sindikatuari, negoziatzen hasteko.
Kontseilaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuen arabera, 10 medikutik 6k lanean egon beharko dute gaur.
Osasunbidean bigarren indarra den LABek ez du bat egin deialdiarekin, "interes partikularrak" bultzatuta datorrelakoan. Ohar batean azaldu duenez, bat datoz SMNk egindako aldarrikapen batzuekin, baina salatu du "soldaten murrizketa guztiak aurreko legealdian erabaki zirela, UPN alderdia Nafarroako Gobernuan eta PSOE/PP alderdiak Estatuaren Gobernuan zirela. Garai hartan SMNk ez zuen mobilizaziorik antolatu".