Ekonomia -
'Ekian' egitasmoa
EAEko eguzki-parkerik handiena Araban egongo da, eta 67.000 panel izango ditu
Azpiegiturak 24 megawatteko potentzia izango du, eta urtean 40.000 megawatt orduko ekoitziko ditu, 15.000 familiaren kontsumoa. Lanak martxoan hasiko dira.
Agentziak | Erredakzioa
Arasur Arabako industrialdean Euskadiko eguzki-parkerik handiena martxan egongo da urte bukaeran. Azpiegiturak 67.000 eguzki-panel izango ditu. Orduko 40.000 megawatt ekoitziko ditu urtean, 15.000 bat familiaren kontsumoa.
'Ekian' egitasmoa Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta Krean talde pribatuak (Mondragon Korporazioa) bultzatu dute. Proiektua astelehen honetan aurkeztu dute ekitaldi publikoan. Iñigo Urkullu lehendakariak eta Arantxa Tapia Ekonomi Garapenerako eta Azpiegituretarako sailburuak parte hartu dute.
Lankidetza publiko-pribatuak sortu du Ekian, eta sektore zein esparru ezberdinetako enpresa talde bat erakarri du. Guztira, 24 milioi euroko ekarpena egingo dute, parkea eraiki eta martxan jartzeko. Proiektu aitzindaria da; izan ere, enpresak potentziaren zati bateko jabe izango dira.
Eguzki-parke fotovoltaikoa 55 hektareako lursail batek hartuko du Arasur industrialdean, Erriberabeitian. 355 watteko 67.000 eguzki-panel izango ditu parkeak. Guztira, 24 megawatteko potentzia izango du azpiegiturak. Urtean 40.000 megawatt orduko ekoitziko ditu, 15.000 bat familiaren kontsumoa, alegia.
Lanak martxoan hasiko dira, eta udazkenean proba fasea hasiko dute sarera konektatu ondoren. Urte bukaeran gaitasun osoarekin energia ekoizten hastea espero dute.
Euskadin tamaina ezberdineko 2.000 instalazio fotovoltaiko daude, ia 26 megawatteko potentziarekin. Horietako % 20 Energiaren Euskal Erakundeak kudeatzen ditu.
Proiektua Eusko Jaurlaritzaren estrategia energetikoaren parte dela nabarmendu du Iñigo Urkullu lehendakariak. 2030rako energia berriztagarriak % 115 areagotzeko helburua du estrategiak.
Eguzki energia berriztagarrien % 4,4 izatea nahi dute (orain % 1,4 baino ez da), 293 megawatteko potentzia, alegia.