Ekonomia -
Navalen itxiera
La Navaleko langileek manifestazioa egingo dute Ezkerraldean
Eskualdeko alkateekin batera deituko dute mobilizazioa datorren astean. Otsailaren 12an Madrilera joango dira, Diputatuen Kongresura.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
La Navaleko langile batzordeak eta Ezkerraldeko alkateek ontziolaren aldeko manifestazioa deituko dute datorren astean. Halaber, otsailaren 12an elkarretaratzea egingo dute Diputatuen Kongresuan.
Langileen ordezkariek eta eskualde horretako lau alkateek (Josu Bergara, Amaia del Campo, Aintzane Urkijo eta Mikel Torres) bilera egin dute arratsalde honetan Sestaoko udaletxean.
Batzarra amaituta, Juanjo Llorden langile batzordearen idazkariak jakinarazi du egindako eskaerak onartu dituztela laurek. Hortaz, datorren astean agerraldi bateratua egingo dute ontziolaren aldeko adierazpen publiko bat egiteko eta manifestazioa deitzeko. Adierazpena langileen ordezkarien eta alkateen artean adostuko dute.
Manifestazioa otsailaren 12a baino lehen deituko dute; izan ere, egun horretan beharginak Madrilera joango dira, Diputatuen Kongresuaren aurrean elkarretaratzea egiteko.
Llordenek esan duenez, Estatuko Aurrekontuak eztabaidatzen direnean, langileak Madrilen izango dira, alkateek lagunduta, talde parlamentarioekin hitz egiteko eta La Navalen arazoa azaltzeko.
Ildo horretan, berretsi egin du "Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ontziola erostea" dela konponbidea. Inbertitzaile bat ere behar dela adierazi du, baina akzioen gehiengoa bere esku utzi gabe.