Ekonomia -
Polemika
Jerusalemgo tranbia ez eraikitzea eskatu dio CAFeko enpresa batzordeak zuzendaritzari
Lan horretan parte hartu behar ez dutela uste du enpresa batzordeak, edozein proiektu gauzatzeko orduan giza eskubideak eta nazioarteko legezkotasuna errespetatu behar direla iritzita.
EiTB.EUS
Jerusalemgo tranbia eraikitzeko lehiaketa prozesuan parte hartzen ari da CAF enpresa. Lan hori egiteko, baina, Palestinako lurrak desjabetu beharko dituzte, eta horrek sekulako polemika sortu du nazioartean. Egoera horren aurrean, nazioarteko legezkotasuna urratzen duten lanetan parte hartzearen aurka azaldu da CAF Beasain enpresa.
"Proiektuaren legezkotasuna zalantzan jartzen duen akordio orokor bat dago, dela tranbiaren ibilbideagatik, dela Palestinako 'kolonoek' modu esklusiboan erabiltzeko zerbitzua izango delako", azaldu du LAB sindikatuak.
"Gure ustez, tranbia proiektu orok nazioarteko legezkotasuna eta giza eskubideak errespetatu beharko lituzke. NBEko Segurtasun Batzordea, osoko bilkura zein Nazioarteko Justizia Gortea, ebazpen ugariren bidez, tranbiak zeharkatuko dituen lurraldeak okupatzearen aurka agertu dira", adierazi du LABek.
Horrenbestez, egitasmo hori Palestinak erabat gaitzetsi duela kontuan izanda, enpresa batzordeak uste du CAF enpresari ez diola ezer positiborik ekarriko tranbia eraikitzeak. Hori dela eta, lehiaketa prozesuan atzera egiteko eskaria egin dio enpresa batzordeak zuzendaritzari.