Ekonomia -

Manifestazioa

Bilbo hegoaldeko saihesbidearen luzatzea bertan behera uzteko eskatu dute

Martxan parte hartu dutenen iritzian, luzatze hori "oso garestia" da, Pagasarri mendiko babes bereziko zonalde bati kalte egingo dio eta orain arte eraikitako saihesbideak "oso trafiko gutxi" du.

Bilbon izan den manifestazioaren burua. Argazkia: EiTB
Bilbon izan den manifestazioaren burua
Bilbon izan den manifestazioaren burua. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mila pertsona baino gehiago izan dira larunbat honetan Bilbon, Hegoaldeko Saihesbiderik Ez Plataformak deitutako manifestazioan. Saihesbide horren aurka eta Bolintxuko gune naturala babestearen alde egin dute.

Bilbo Hegoaldeko Saihesbidea AP-68 errepidearekin, Arrigorriaga parean, lotzeko lanak hasi zituen Bizkaiko Foru Aldundiak joan den astelehenean. Lotura horrek 4 kilometro inguruko luzeera izango du, 180 milioi euroko kostua izango du, eta 2023rako egongo da prest.

18:00etan Arriaga plazatik abiatu dira manifestariak eta, Moyua plazatik igaro ostean, Bilboko udaletxe parean amaitu dute martxa. Luzatze horren aurkako eta Bolintxuko gune naturalaren aldeko leloak izan dira ikusgai martxaren buruan.

Bilboko hainbat udal alderdik bat egin dute deialdiarekin, hala nola, EH Bilduk, Udalberrik eta Goazenek. Horien esanetan, saihesbidea luzatzea "ez da beharrezkoa".

Bilbo Hegoaldeko Saihesbiderik Ez Plataformaren bozeramaileen esanetan, luzatze hori "oso garestia" izango da ("kilometro bakoitzak 47 milioi euroko kostua izango du, bi minutu aurrezteko"), Pagasarri mendiko babes bereziko zonalde bati kalte egingo dio, eta orain arte eraikitako saihesbideak "oso trafiko gutxi" du ("aurreikusitako % 50era ere ez da iristen").

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Bilbo Bizkaia Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Ekologia azken ordukoa Ganekogorta mendigunea Bilboaldeko Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea