Ekonomia -
Itunpeko irakaskuntza
Hezkuntza Sailaren parte-hartzea eskatu dute sindikatuek lan-gatazkari aurre egiteko
Sindikatuen arabera, gaurko grebak aurreko egunetakoek izan duten antzeko jarraipena (% 60 eta % 65 artekoa) izan du.
Agentziak | Erredakzioa
ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa eskatu dute gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako irakasleen lan-gatazkari irtenbidea bilatzen laguntzeko.
Irakasleok manifestazioa egin dute astearte honetan, Gasteizen, bosgarren greba egunean. Guztira, zortzi dira langileek lan-hitzarmenaren hobekuntzaren alde azken deialdian deitutako greba egunak.Miren Zubizarreta (ELA) sindikatu guztien ordezkari gisa jakitera eman duenez, langileen aldarrikapenei irtenbideak eta erantzunak ematearen erantzule "nagusia" patronala da, baina Eusko Jaurlaritzak ere "erantzukizuna baduela" esan du.
Zubizarretaren esanetan, Eusko Jaurlaritza da, azken finean, "hezkuntza sistema egun ezagutzen dugun bezala antolatua egotearen arduraduna; eta, hura da itunpeko irakaskuntzari azpikontratatu merke baten funtzioa eman dionak".
Sindikatuen ustez, itunpeko sarean eskaintzen den hezkuntzaren "kalitatearen inguruko kontrola" izan beharko luke Eusko Jaurlaritzak; are gehiago, "patronalek dioten bezala langileen aldarrikapenei erantzuteko gaitasuna ez badute, Jaurlaritzak lan-gatazkan esku hartu beharko du".
Zubizarretaren hitzetan, ikastetxeetako langileek badakite "gatazkari aurre egiteko bidea luzea eta gogorra izango dela".
Gaurko grebaren jarraipenaren harira, sindikatuek esan dute gaurko grebak aurreko egunetakoek izan duten antzeko jarraipena (% 60 eta % 65 artekoa) izan duela. Hala ere, patronalarekin zifren inguruko norgehiagokan hasi nahi ez dutela gaineratu dute.
Kistau Eskolak jakitera eman duenez, langileen % 22k jarraitu dute bosgarren greba eguna. Datuak lurraldez lurralde aztertuta, langileen % 23k jarraitu dute greba Araban; % 29k, Bizkaian, eta %11k, Gipuzkoan.