Ekonomia -
Epaiketa
23 hilabeteko espetxe-zigorra eta 19 milioiko isuna Ronaldori, iruzur fiskalagatik
2010 eta 2014 artean, Real Madrileko jokalari zenean, 5,7 milioi euroko iruzurra egin zion Ogasunari futbolari portugaldarrak. Ronaldok onartu egin du delitua egin izana.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Cristiano Ronaldo Turingo Juventus taldeko futbolariak berretsi egin du gaur Madrilgo Fiskaltzarekin adostutako akordioa. Horrenbestez, 23 hilabeteko espetxe-zigorra eta 18,8 milioi euroko isuna ezarri diote, Ogasunari 5,7 milioiko iruzurra egiteagatik. Beraz, Ronaldo ez da kartzelara joango, 2 urtetik beherako zigorra jarri diotelako.
Auzitegiko iturrien arabera, iruzurra egin zuela onartu du Ronaldok, epailearen aurrean, Madrilgo Lurralde Auzitegiaren 17. Sekzioan. Minutu gutxi iraun du epaiketak, jokalariaren abokatuen eta Fiskaltzaren arteko akordioa dela eta.
Horrela, Ronaldok 23 hilabeteko kartzelaldia onartu du, 2010 eta 2014 artean, Real Madrileko jokalari zenean, lau delitu fiskal egiteagatik.
09:35ean iritsi da Auzitegira, furgoneta beltz batean, Georgina Rodriguezekin batera. Beltzez jantzita, eguzkitako betaurrekoekin eta irribarretsu heldu da. Gainera, kazetarien aurretik pasatu denean, autograforen bat edo beste ere sinatu du.
Esan bezala, bost minutu iraun du epaiketak. Jokalariak "baietz" erantzun du egozten dizkioten delituak onartzen dituen ala ez galdetu diotenean.
"Bukatu da", esan du futbolariak atetik irten denean, baina ez du komunikabideen aurrean adierazpenik egin. "Guztia ondo joan da" esan, eta furgonetan sartu da.