Ekonomia -

BREXIT

Bilboko Portua da 'brexit'aren aurrean ondoen prestatuta dagoena, ACBEren arabera

Bilboko Portuko Ontzi Kontsignatarioen eta Zamaketarien Elkarteak ziurtatu duenez, Erresuma Batua Europar Batasunetik irteteak 'negozio bide' berriak irekiko ditu eta aukera horiei helduko die.

Bilboko portua. Artxiboko argazkia: EFE
Bilboko portua
Bilboko portua. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Brexita gauzatzen denean edo, beste era batera esanda, Erresuma Batua Europar Batasunetik irtetean, negozio aukera berriak zabalduko direla azpimarratu du Bilboko Portuko Ontzi Kontsignatarioen eta Zamaketarien Elkarteak, eta horien aurrean Bilboko Portua Kantauri itsasoan ondoen prestatuta dagoen portua dela gaineratu du.

Kontsignatarioen % 90 eta zamaketari guztiak ordezkatzen dituen ACBE patronalak oharra kaleratu du Erresuma Batuaren akordiorik gabeko irteerak Bilboko Portuan izango lukeen eragina hizpide hartuta.

"Enpresariak garen aldetik Europar Batasunarekin adostutako irteera baten alde egiten dugu, hainbat sektoretatik eta kolektiboetatik egin bezala. Edozein kasutan, bere eraginak nabarmenak izango dira hiritarrentzat, enpresarientzat eta erakundeentzat", adierazi du patronalak.

Brexitak, zalantzarik gabe, portuarentzat ondorio garrantzitsuak izango dituela onartu du Bilboko Portuak, besteak beste, herrialde horrekin "historikoki" izandako harreman komertzialengatik eta "trafiko" fluxu handiagatik. "Gure enpresek brexitaren ondorioak jasango dituzte Europako beste hainbat konpainiak bezala", aitortu du. Izan ere, jatorria edo helmuga Erresuma Batuan duten produktuak garestitu egingo dira, gaur egun, Ameriketako Estatu Batuekin, Errusiarekin eta Txinarekin gertatu ohi den antzera.

Bilboko Portuko Ontzi Kontsignatarioen eta Zamaketarien Elkartearen esanetan, ordea, brexitak negozio aukera berriak ere sortuko ditu eta "enpresari gisa ezin ditugu aukera horiek begi bistatik galdu". "Ildo horretan, ondoen prestatuta dagoen Kantauri itsasoko portua garela azpimarratu nahi dugu, eta ez diegu aukera eta abaguneei ihes egiten utziko", berretsi du ACBEk.

"Ez daukagu zalantzarik, Bilboko Portua brexitari aurre egiteko prest egongo da", amaitu du Carlos Lobato presidenteak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Ezkozia argazkiak Erresuma Batua argazkiak Bilboko Portua argazkiak Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Albisteak Brexita Zer da Brexita Londres albisteak gaur Ingalaterra albisteak Enpresaburuak Iparraldeko kostaldea albisteak