Ekonomia -

LAN GATAZKA

Familien 'haserrea' ulertzen dutela esan dute sindikatuek

Uriarteren ustez, grebaren atzean lan gatazka baino zerbait gehiago dago. Grebaren helburu bakarrak langileen 'lan baldintzak hobetzea eta galdutakoa errekuperatzea' direla erantzun diote sindikatuek.

EAEko gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako langileen protesta. Artxiboko argazkia: EFE
EAEko gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako langileen protesta
Auto karabana Bilbon, gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeen grebaren 4. egunean

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako langileek zortzi greba egunetako laugarrena dute gaur, lan hitzarmena berritzeko eskatuz. Sindikatuon esanetan, grebaren aurrean, "familien haserrea normala" da, baina langileei "ez zaie beste biderik gelditu", gaineratu dute.

Grebak 215 ikastetxetako 120.000 ikasleri eta 9.000 langileri eragingo die, EAEko itunpeko sarearen % 70ean.

Iragan asteazkenean, langileek zortzi eguneko greba abiatu zuten (ostiralean amaituko da). Ikasturtea hasi zenetik, beste sei greba egun egin dituzte langileek —2018ko urrian eta azaroan—.

Sindikatuen arabera, gaurko grebak aurreko egunetakoek izan duten jarraipenaren antzekoa (% 60 eta % 65 artekoa) izan du; patronalaren esanetan, berriz, gaurkoak % 14ko jarraipena izan du, hirugarren greba egunak izan zuen % 17koaren eta lehen eta bigarren egunetan izandako % 28 eta % 22koaren azpitik.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, langileen % 23k jarraitu dute greba Bizkaian; % 9k, Araban, eta % 3k, Gipuzkoan, Kristau Eskolak jakitera eman duenez.

Asier San Miguel LAB sindikatuko bozeramailearen esanetan, oraingoz ez da gerturatzerik izan sindikatuen eta patronalen artean. Are gehiago, ez dago bien arteko bilerarik aurreikusita. Gurasoek negoziatzera esertzeko eskatu diete aldeei.

Protesta agerian ustezko, sindikatuek auto-ilara antolatu dute gaur Bizkaian; 50 bat ibilgailuk parte hartu dute bertan.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuaren esanetan, greba deialdiaren atzean lan gatazka baino zerbait gehiago dago, "ez baitu logikarik horrenbeste greba egun deitu izana".

2019-2020 ikasturterako aurrematrikula epearen nondik norakoak azaltzeko prentsaurrekoan sailburuak azaldu duenez, erabat ulertzen du gurasoen kezka.

"Galtzaile bakarra ikaslea da", eta "erabat ulertezina" da alde batetik greba bera eta bestetik alde bien artean akordioren bat adosteko harremanik ez izatea.

Atzo, igandez, itunpeko ikastetxeetako gurasoak kalera atera ziren Bilbon, lan gatazkari irtenbidea ematea eskatzeko. Bilboko Udaltzaingoak zabaldutako datuen arabera, 3.500 pertsona inguru batu ziren. Berrogei bat guraso elkartek egin zuten bat deialdiarekin. 11:00etan abiatu ziren Jesusen Bihotza plazatik, euripean, eta hiriko kaleak zeharkatu zituzten.

GREBA IRAKASKUNTZA EFE

Gutxieneko zerbitzuak ohikoak baino handiagoak izango dira. Orain arte, bi pertsona ziren ikastetxe bakoitzeko: zuzendaritzako kide bat eta administrazioko kide bat, eskolako sarrera bermatzeko. Alabaina, greba honetarako Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan irakasle bana izango dute, eta 100 ikasle baino gehiago matrikulatuta dituzten mailetan ere irakasle bat egon beharko da lanean. Halaber, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH), Batxilergoan eta Lanbide Heziketako zentro bakoitzean ere irakasle bat izan beharko da.

Lan-hitzarmena 10 urtez berritu gabe izan ostean, erosteko ahalmena berreskuratzeko negoziazioetan aurrera egitea aldarrikatzen dute langileek; sindikatuen datuen arabera, 2009tik % 12 egin baitu behera langileon erosahalmenak. Halaber, DBHko irakasleen soldatak hobetzea eskatzen dute, ziklo bakoitzeko soldata igoera ezberdina eskatzen baitute, eta behin-behineko langileen lan-baldintzak hobetzea nahi dute; 0-3 urte arteko umeen irakasleena eta laguntza berezia ematen dutenena, esaterako.

"Grebaren helburuak argiak, bidezkoak eta aski ezagunak"

Berehala etorri da sindikatuen erantzuna Uriartek esandakoari. ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT zentralek gogor salatu dituzte sailburuaren hitzak, eta "grebaren helburu bakarrak langileen lan baldintzak hobetzea eta galdutakoa errekuperatzea" direla esan diote. Hezkuntza alorreko hitzarmena azken hamar urteetan ez dela berritu gogorarazi dute.

"Grebaren helburuak argiak, bidezkoak eta aski ezagunak" dira. Negozitzeko prest daudela berretsi dute sindikatuek, eta egoera bere onera ekarriko duen "proposamenaren zain" jarraitzen dutela gaineratu dute.

Bihar Gasteizen egingo dute manifestazioan parte hartzeko deia egin diete gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako langile guztiei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak ELA albisteak LAB albisteak Grebak EAE albisteak Lana Ekonomia Eguneko albisteak Eguneko albisteak Hezkuntzako albisteak 2024 Sindikatuen albistea CCOO UGT Langileen Batasun Orokorra Lan gatazkak albisteak gaur