Ekonomia -

LAN-GATAZKA

ELAk 19 greba egun deitu ditu Gipuzkoako zaharren egoitzetan

"Langileak egoera prekarioan mantentzen dituen bitartean, patronala gipuzkoar guztien diruarekin aberastea" onartzea leporatu dio, gainera, ELAk Foru Aldundiari.

Gipuzkoako zahar egoitzetako langileen manifestazioa, iragan abenduan. ETBko artxiboko irudia.
Gipuzkoako zahar egoitzetako langileen manifestazioa, iragan abenduan.
Gipuzkoako zahar egoitzetako langileen manifestazioa, iragan abenduan. ETBko artxiboko irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA sindikatuak Gipuzkoako zahar egoitzetarako 19 egunetarako greba deialdia egin du, otsailaren 19tik martxoaren 10era.

Egoitza horietako 100 ordezkarik Donostian egindako bileran hartu zuten atzo erabakia. Azken lau hilabeteetan 16 lanuzte egin dituzte langileek eta egoera konpontzen ez dela eta, greba deialdi berria egitea erabaki zuten. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiari "patronalei babesa" ematea leporatu zioten.

Komunikabideei igorritako ohar batean, ELAk jakinarazi zuen ez dutela "atzerapausorik emango", langileak sektorean dituzten baldintzak hobetzeko "erabaki irmoa" dutelako, eta "badirudi hau grebarekin bakarrik lortuko dela, ez patronalek ezta Foru Aldundiak ere ez baitute aurrerapausorik ematen gatazka konpontzeko".

Duela lau hilabete egin zen lehen mobilizaziotik pasatu den denbora ikusita, ELAk garbi du "patronalek euren etekinak areagotzea besterik ez zutela buruan" eta "negoziaketa mahaia adar jotze bat izan dela, gaur egun bildu ere ez baita egiten".

Horregatik, ez dira negoziaketa mahaira itzuliko patronalak ez badu lan-hitzarmen sektoriala eta enpresetako lan-hitzarmenak batera sinatzeko konpromisoa hartzen eta 2017 zein 2018 urteetarako soldata izoztea eta eros-ahalmen galera ez baditu alde batera uzten.

Bide batez, ELAk errekurritu egin ditu Foru Aldundiak ezarritako zerbitzu minimoak. Sindikatu abertzaleak salatu du, gainera, "langileak egoera prekarioan mantentzen dituen bitartean, patronala gipuzkoar guztien diruarekin aberastea" onartzen duela Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa ELA Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Adinekoentzako egoitzak Gipuzkoako Foru Aldundia