Ekonomia -
HEZKUNTZA
Itunpeko ikastetxetako ikasleen gurasoek negoziaketa eskatu dute Bilbon
Aldi berean, greba mugagabearen beldur direla adierazi dute, eta horregatik, beste manifestazio bat egingo dute urtarrilaren 20an, Bizkaiko hiriburuan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxetako ikasleen gurasoak Bilboko Indautxu Plazan bildu dira, greba deialdiaren hirugarren egunean, eta aldeei “atsedenik hartu gabe” negoziatzeko eskatu diete, ikasleei kalterik ez egiteko.
“Merezi duen itunpeko hezkuntza orain!” lelopean irten dira kalera guraso elkarteko kideak eta inplikatuta dauden aldeei euren esku dagoen guztia egiteko eskatu diete akordio batera heltzeko.
“Gizarteko ahulenak dira gatazka honetan gehien kaltetu direnak, hau da, ikasleak. Euskadiko haurren erdia kaltetu du egoera honek, eta horregatik etengabe negoziatu nahi dugu akordio batera heldu arte. Egoera normal bat eduki nahi dugu eta haurrek eskolan ikasi egin behar dute”, gaineratu du elkarretaratzean izan den guraso batek.
Era berean, gurasoak greba mugagabearen beldur direla adierazi dute. “Gabonak baino lehen hiru egunetan egin dute greba eta orain beste zortzi egingo dituzte. Gatazka konpontzen ez bada, greba mugagabearen leihoa ireki" daitekeela ohartarazi dute. Horregatik, “egoera konpontzeko irtenbide bakarra negoziaketa” dela gaineratu dute.
Gurasoek beste manifestazio bat deitu dute urtarrilaren 20an, goizeko 11:00etan, Bilboko Jesusen Bihotza Plazan, akordioa eta grebaren amaiera eskatzeko.