Ekonomia -

Data oraindik zehaztu gabe

Pentsiodunek mobilizazio handi bat egingo dute maiatzeko hauteskundeak baino lehen

Mobilizazio handia ez dute hiri bakarrean egingo, Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan baizik.

Pentsiodunek bilera egin dute Gasteizen, maiatzeko mobilizazio handia prestatzeko. Argazkia: EFE
Pentsiodunek bilera egin dute Gasteizen, maiatzeko mobilizazio handia prestatzeko. Argazkia: EFE
Pentsiodunek bilera egin dute Gasteizen, maiatzeko mobilizazio handia prestatzeko. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego Euskal Herriko pentsiodunak mobilizazio handi bat prestatzen ari dira maiatzerako. Data oraindik ez dute zehaztu, baina maiatzaren 26ko udal, foru eta Europako hauteskundeak egin baino egun batzuk lehenago izango da.

Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Gipuzkoako pentsiodunen elkarteetako ordezkariek bilera egin dute gaur, Gasteizen, pentsio duinak aldarrikatzen jarraitzeko aurrera eramango dituzten ekintzak aztertzeko.

Mobilizazio handia ez dute hiri bakarrean egingo, Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan baizik. Espainiako beste elkarteekin batera egiten saiatuko direla azaldu du Juan Antonio Armentia Arabako plataformaren bozeramaileak.

Euskal pentsiodunek elkarretaratzeak egingo dituzte astelehenero, eta baita beste protesta batzuk ere, larunbat honetan Bilbon egingo duten manifestazioa esaterako.

Gasteizen, pentsiodunak urtarrilaren 21erako gutunak prestatzen ari dira, hilaren 28an Espainiako Gobernuak Euskadin duen Ordezkaritzari entregatzeko.

Bestalde, EH Bildu eta Unidos Podemoseko talde politikoekin Kongresuan biltzea eskatuko dute pentsiodunek, Armentiak erantsi duenez; izan ere, oraingoz biltzeko borondatea agertu duten bakarrak dira.

PENTSIODUNEN BILERA GASTEIZ EFE

Zentzu horretan, Iñigo Urkullu lehendakaria pentsiodunekin ez batzartzea deitoratu du bozeramaileak, nahiz eta gutun batean eskatu zioten. Bilera Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburuaren esku utzi zuen Urkulluk, baina oraindik ez da elkarteekin harremanetan jarri, Armentiak zehaztu duenez.

Pentsiodunen lau elkarteek egindako agirian, iragan asteartean mobilizazioak hasi zirenetik urte bat bete zela gogorarazi du kolektiboak. Denbora tarte horretan pentsiodunen eskakizunak agenda politikoan sartu direla azpimarratu dute.

2018an pentsioek orokorrean % 1,7 gora egitea lortu dute, eta % 1,6a 2019an. Era berean, gutxieneko pentsioek % 3ko gorakada izan dute. Gainera, alargunen soldata kalkulatzeko oinarria % 56tik % 60a izatera pasa da. Azkenik, jasangarritasun faktorea 2023ra arte luzatzea lortu dute.

"Alderdi guztiak, behintzat, gure eskaeren aurka ez azaltzen saiatuko dira"

“Urrats mugatu” horiek euren aldarrikapenetatik “oso urrun” daudela erantsi dute kolektiboek: KPIaren arabera pentsioen igoera etengabea, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta jasangarritasun faktorea behin betiko indargabetzea.

Pribatizazioaren aurrean pentsio sistema publikoa bermatzea eta bultzatzea eskatzen dute elkarteek.

“Lortzeko mobilizazioei eustea ezinbestekoa da. Datozen hilabeteen garrantziaren jakitun gara, are gehiago maiatzean hauteskundeak egin behar direnean”, gaineratu dute agirian.

“Alderdi guztiak, behintzat, gure eskaeren aurka ez azaltzen saiatuko dira”, adierazi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Iruñea Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Manifestazioak Pentsioak