Ekonomia -

Lan gatazka

Jarraipen handia izan du itunpeko ikastetxeetako bigarren grebak, sindikatuen arabera

Sindikatuen arabera, langileriaren % 60 eta 65 artean egin dute bat deialdiarekin. Patronalak, berriz, % 22ra jaitsi du bigarren greba egunaren jarraipena.

Langileek gaur Bilbon egin dituzte elkarretaratzeak. Argazkia: EFE
Langileen elkarretaratzea, Indautxuko Jesuitak ikastetxearen aurrean
Langileek gaur Bilbon egin dituzte elkarretaratzeak. Argazkia: EFE

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, CCOO, Steilas, LAB eta UGT sindikatuek EAEko gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetan lan egiten duten profesionalen bigarren greba egunak izandako "jarraipen handia" (% 60 eta 65 artean) azpimarratu dute; baita "negoziatzen jarraitzeko asmoa ere". Kristau Eskola patronalak, berriz, % 22ra jaitsi du bigarren greba egunaren jarraipena. 

Bestalde, langileek elkarretaratzeak egin dituzte gaur Bilboko hainbat tokitan; esaterako, Deustuko San Pedro plazan, Santutxuko Karmelo plazan, eta Indautxuko Jesuiten eskolaren aurrean.

Guztira, sindikatuek zortzi greba egun deitu dituzte euren lan hitzarmena berritzeko eskatuz. Grebak 215 ikastetxetako 120.000 ikasle eta 9.000 langilerengan izango du eragina, EAEko itunpeko sarearen % 70ean.

Ikasturtea hasi zenetik, beste sei greba egun egin dituzte langileek —2018ko urrian eta azaroan—. Atzo, zortzi eguneko deialdi honetatik lehenengoan, irakasleen % 65 ez ziren lanera joan. Patronalaren arabera, % 28koa izan zen jarraipena.

Atzo bezala, gutxieneko zerbitzuak ohikoak baino handiagoak izango dira. Orain arte, bi pertsona ziren ikastetxe bakoitzeko: zuzendaritzako kide bat eta administrazioko kide bat, eskolako sarrera bermatzeko. Alabaina, greba honetarako Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan irakasle bana izango dute, eta 100 ikasle baino gehiago matrikulatuta dituzten mailetan ere irakasle bat egon beharko da lanean. Halaber, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH), Batxilergoan eta Lanbide Heziketako zentro bakoitzean ere irakasle bat izan beharko da.

Sindikatuek hiru elkarretaratze deitu dituzte gaur Bilbon (11:00etan) euren aldarrikapenak plazaratzeko. Lan-hitzarmena 10 urtez berritu gabe izan ostean, erosteko ahalmena berreskuratzeko negoziazioetan aurrera egitea aldarrikatzen dute langileek; sindikatuen datuen arabera, 2009tik % 12 behera egin baitu langileon erosteko ahalmena. Halaber, DBHko irakasleen soldatak hobetzea eskatzen dute; ziklo bakoitzeko soldata igoera ezberdina eskatzen baitute. Halaber, behin-behineko langileen lan-baldintzak hobetzea nahi dute; esaterako, 0-3 urte arteko irakasleena, baita laguntza berezia ematen dutenena ere.

Patronalak bestelako iritzia du. Kristau Eskolaren (nagusi den patronala) arduradunek nabarmendu dutenez, 2017ko azarotik lau proposamen egin dizkiete langileei, eta horiek "erantzun maximalistak" baino ez dizkiete eman.

AICE patronalak asteartean adierazi zuenez, ikastolen lan hitzarmenean jasotako soldata igoera baino puntu erdi gehiago eskaini zieten langileei. LAB sindikatuak —hark erdietsi du akordioa Ikastolen Federazioarekin— gezurretan aritzea egotzi dio AICEri.

Bestalde, gurasoak, bereziki 2. Batxilergokoak, oso arduratuta daude seme-alabek galduko dituzten eskola-orduengatik. 8 greba egunen ostean, ikasleek 152 eskola-egunen % 10 galduko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza ELA LAB Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak CCOO UGT