Ekonomia -
Lan-gatazka
Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak handitu ditu itunpeko ikastetxeetan
Langileen eskubideen defentsan, zortzi eguneko greba deitu dute gaurtik aurrera itunpeko ikastetxeetan. Jaurlaritzak jarritako zerbitzu minimoak "gehiegizkoak" dira, sindikatuen ustez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzak nabarmen handitu ditu gutxieneko zerbitzuak gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetan, gaur abiaraziko duten zortzi eguneko greba dela eta.
Lan Saileko ordezkariak lanuztea deitu duten sindikatuekin (ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT) eta patronalarekin bildu ziren atzo zerbitzu minimoak adosteko, baina ez zuten akordiorik lortu.
Lan-gatazka honetarako ezarritako gutxieneko zerbitzuak hauek izan dira: bi pertsona ikastetxe bakoitzeko, zuzendaritzako kide bat eta administrazioko kide bat, eskolako sarrera bermatzeko.
Alabaina, asteazken honetan hasiko den greba dela eta, hezkuntza maila bakoitzeko gutxienez irakasle bat izatea agindu du Jaurlaritzak.
Hortaz, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan irakasle bana izango dute, eta 100 ikasle baino gehiago matrikulatuta dituzten mailetan ere irakasle bat egon beharko da lanean.
Halaber, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketako zentro bakoitzean ere irakasle bat izan beharko da.
Horrez gain, hezkuntza bereziko ikasgeletan normalean izaten diren langileen % 50 izan beharko dira lanean.
Maria Jesus San Jose sailburuak sinatutako jakinarazpenaren arabera, gutxieneko zerbitzu horiek grebarekin bat egiten ez duten langileekin betetzen saiatuko dira.
Sindikatuen ustez, Jaurlaritzak greba honetarako ezarri dituen gutxieneko zerbitzuak "gehiegizkoak" dira eta langileen "grebarako eskubidea urratu dezakete".
Sindikatuek lan-hitzarmen berri bat negoziatzea eskatzen dute, 10 urtean eguneratu gabe dagoelako eta soldatak izoztuta dituztelako. Hainbat saiakera egin dituzte patronalarekin, baina ez dute akordiorik lortu. Horrenbestez, zortzi eguneko greba egingo dute gaurtik aurrera.