Ekonomia -
Erresuma Batua
Jaurlaritzak euskal enpresentzako aholkularitza webgunea sortu du 'brexit'a dela eta
Otsailean autodiagnostikorako tresna bat jarriko dute webgunean (brexit.eus) enpresek euren kontingentzia-planak presta ditzaten.
EITB.EUS
Euskal enpresei Erresuma Batua Europar Batasunetik (EB) irteteak ekar dezakeenari buruzko aholkularitza emateko webgunea (brexit.eus) jarri du martxan gaur Eusko Jaurlaritzak. Interneteko atari horri esker, Nazioartekotze Euskal Agentziak Londresen duen bulegoarekin elkarreraginean jardun ahalko dute enpresa txiki eta ertainek.
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak Nazioarteko Euskal Agentziaren bidez (SPRI taldea) sortu du webgunea. Enpresek beren kontingentzia-planak prestatzeko eman beharko dituzten urratsen inguruko informazioa, oharrak eta gomendioak jaso ahalko dituzte atarian.
Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak eta Arantxa Tapia sailburuak gobernu bileraren ondoko prentsaurrekoan azaldu dutenez, "Jaurlaritzarentzat garrantzitsua da irteera prestatzea eta hartu beharreko neurriak garaiz hartzea", eta brexit-ak eragin ditzakeen kalteak ahalik eta txikienak izateko helburuz sortu dute tresna hori. Ohartarazi duenez, irteera latz baten kasuan, "testuingurua konplexua izango da, bai EBrentzat, eta bereziki Erresuma Batuarentzat".
Gaur egun, 500 euskal enpresa inguruk esportatzen dute merkatu britainiarrera, eta 60 firma inguruk dituzte merkataritza edota ekoizpen-ordezkaritzak. Erresuma Batua helmugako laugarren merkatua da, eta euskal esportazio guztien % 6 hartzen du.
Otsailean, autodiagnostikoko tresna berria
Tapiak iragarri duenez, otsailean tresna berri bat erantsiko dute webgunean: kontingentzia-planak prestatzeko autodiagnostiko erreminta bat, alegia.
Analisi horren bitartez, enpresek euren "ahulguneak eta indarguneak" ezagutu ahalko dituzte, horien araberako neurriak hartzeko eta, etorkizunera begira, brexit-ak zabal ditzakeen negozio aukerak prestatzeko.
Horrez gain, otsailaren 13an "Brexit-erako prestatu" izenpean jardunaldia antolatuko du Jaurlaritzak. Simon Manley Erresuma Batuak Espainian duen enbaxadorea izango da bertan, eta parte hartu nahi duten enpresa guztientzat zabalik egongo da.