Ekonomia -
Urtemuga
Protesten lehenengo urteurrenean, euskal pentsiodunek ez dute atzera egiteko asmorik
Atzo bertan, astelehenero bezala, elkarretaratzea egin zuen Bilbon Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak, eta "mobilizazioekin jarraitzeko asmoa" erakutsi zuen.
EiTB.EUS
Euskal pentsiodunek 2018ko urtarrilaren 15ean ekin zieten protestei Euskal Herriko hainbat tokitan, baina Bilboko udaletxe aurreko zabalgunea mobilizazio jendetsuenen topaleku bihurtu da, erretiroa hartutako ehunka lagun batzen baitira bertan astelehenero.
Beraz, gaur urtebete atera zen pentsiodunen mugimendua estreinakoz kalera pentsio duinak aldarrikatzeko.
Atzo bertan, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak elkarretaratzea egin zuen Bilbon, eta "mobilizazioekin jarraitzeko asmoa" erakutsi zuen. Azken urtean "apurrak" soilik lortu dituztela eta gobernuek eta politikariek jubilatuen eskubideak "negozioa egiteko" erabili dituztela salatu zuten.
Horregatik, urtemuga "ospatze aldera", manifestazioa deitu dute hurrengo larunbaterako Bizkaiko hiriburuan, orain arteko aldarrikapenen defentsan.
Gainera, protesta "bereziak" deituko dituzte martxoaren 3rako eta 8rako eta maiatzaren 1erako. Halaber, lau hiriburuek babestutako manifestazio "erraldoia" antolatu nahi dute. Dena dela, oraindik ez dituzte martxa horren data eta lekua zehaztu.
Bien bitartean, kalean jarraitzeko intentzioa erakutsi dute. "Ordura arte ez dugu atzerapausorik emango, agintean bata zein bestea egon", oihukatu zuten atzo Bilbon.
Zein dira pentsiodunen eskariak?
1. Pentsioak KPIaren arabera igotzea: Espainiako Gobernuak 2018rako ezarritako igoera, Legeak ezarritako gutxienekoa, "iraina eta huskeria" dela uste dute erretiratuek.
2. Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea.
3. Pentsioen erreforma eta iraunkortasun faktorea bertan behera uztea.
4. Pentsioak Estatuko Aurrekontu Orokorretan sartzea, eta "diru publikoaren bidez" bermatzea.
Urtarrilaren 19ko manifestazioa
Horrela, urtarrilaren 19an Bilboko kaleak "betetzeko" deia egin dute Bizkaiko pentsiodunek. Orain arte antolatutako bederatzigarren manifestazioa da larunbatekoa. 17:00etan irtengo da martxa Confebaskek duen egoitzaren paretik (Kale Nagusia, 50), eta udaletxe parean bukatuko da.