Ekonomia -
Enplegua
Gasteizko Mercedesen 2.000 Vito furgoneta gutxiago ekoitziko dituzte aurten
Produkzioa murrizteko erabaki horren ondorioz, otsailaren 25, 26 eta 27an fabrika gelditu egingo dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mercedes Benz konpainiak 2.000 Vito furgoneta gutxiago ekoitziko ditu Gasteizen duen lantegian, 2019an. Hasiera batean marka horretako 154.000 ibilgailu produzitzea aurreikusi bazuten ere, 152.000 izango direla erabaki dute orain.
Gauzak horrela, otsailaren 25, 26 eta 27an fabrika gelditu egingo dute, enpresak sindikatuei jakinarazi dienez.
Roberto Pastor CCOO sindikatuko arduradunaren esanetan, ekoizpena 2.000 ibilgailutan murriztu izana ez da kopuru "larria".
Automobilgintzaren sektorean, ekoizpen programetan "aldaketak" egitea "ohikoa" izaten dela esan du, eta azken urteotan egindako aldaketak produkzioa handitzeko izan direla ekarri du gogora.
Halaber, Vito furgonetetan izan beharrean, ekoizpen murrizketa Clase V ibilgailuetan egin izan balitz, ondorioak "kezkagarriagoak" izango liratekeela adierazi du, azken horien produkzioak errentagarritasun handiagoa ematen diolako Gasteizko lantegiari.
Nolanahi ere, Pastorrek onartu du diesel erregaiaren krisia sektoreari kalte egiten ari zaiola. Hori dela eta, enplegua mantentzeko lanean jarraitzeko deia egin du.