Ekonomia -

Estatuko Aurrekontu Orokorrak

Aurrekontuak babestuko dituela ziurtzat ez jotzeko aholkatu dio EAJk Gobernuari

Are gehiago, Aitor Estebanek esan du EAJk ez duela baztertzen aurrekontu proiektuari osoko zuzenketa aurkeztea, eta, horrenbestez, kontuak itzultzeko eskatzea.

Aitor Esteban Kongresura sartzen. Argazkia: EFE
Aitor Esteban Kongresura sartzen
Aitor Esteban Kongresura sartzen. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazionalistek Estatuko Aurrekontu Orokorrak babestuko dituztela ziurtzat ez jotzeko aholkatu dio Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak Pedro Sanchezen Gobernuari. Are, Estebanek ez du baztertzen aurrekontu proiektuari osoko zuzenketa aurkeztea, eta lehenengo bozketan Espainiako Gobernuaren egitasmoa atzera botatzea.

Kongresuan egindako adierazpenetan Estebanek argi utzi du oraindik ez dutela proiektu horren gaineko xehetasunik jaso. Halere, nabarmendu du Mariano Rajoyren Gobernuarekin itxitako akordioak (oraindik bete ez dituztenak) barne hartu beharko dituela.

Hortik aurrera, negoziatzeko prest daude: "Baina Gobernuak ez du egintzat jo behar EAJren aldeko botoa izango duela. Eztabaidatzeko eta akordio batera heltzeko prest gaude, eta zentzuz jokatuko dugu. Halere, Gobernuak zuzen erantzutea nahi dugu", azpimarratu du.

Izan ere, ziurtatu du EAJk ez duela baztertzen aurrekontu proiektuari osoko zuzenketa aurkeztea, eta, horrenbestez, kontuak itzultzeko eskatzea. "Ikusiko dugu zer gertatzen den. Hasiera batean akordio batera heltzeko borondatea erakutsiko dugu", gaineratu du.

Ildo horretan, Estebanek argi du hitzarmena lortzeko "edukia" egon behar dela, alegia, ez dituztela "egin gabe dauden edo egingo ez dituzten kontuak saltzea" onartuko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Aurrekontu Orokorrak