Ekonomia -
227.000 milioi euro
Inoizko diru-bilketa handiena Espainiako Gobernuak aurkeztutako 2019ko Aurrekontuetan
Kontuak Kongresuan tramitatzen uzteko aukera zabalik utzi dute Puigdemontek eta Torrak. 227.356 milioi euro biltzea aurreikusten dute Aurrekontuek, 2018an baino % 9,5 gehiago.
Agentziak | Erredakzioa
2019ko Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legea Gorteetara bidaltzea onartu du Espainiako Gobernuak. 227.356 milioi euro biltzea aurreikusten du proiektuak, 2018an baino % 9,5 gehiago, hazkunde ekonomikoari eta Aurrekontuetan sartutako neurri fiskalei esker.
Gobernuak 153.864 milioi euro zuzenduko dizkie pentsioei. Hori % 6,2ko igoera da 2018ko aurrekontuekin alderatuta, "historiako handiena" Maria Jesus Montero Ogasun ministroak nabarmendu duenez.
Gizarte Segurantzak, iragarritako maileguaz gain, Estatuaren beste transferentzia bat jasoko du, 850 milioi eurokoa.
Transferentzia hori posible egiteko, beste diru-sailak "estutzea" beharrezkoa izan da. Ministroaren arabera, Gobernu sozialistak proposatutako bidearekin Gizarte Segurantzak irabaziko lituzkeen bi hamarrenen aldea galdu egingo du, defizit helburua ez lasaitzeagatik.
Etorkizunera begira, Monterok azpimarratu duenez, gaur egun sistemak pagatzen dituen eta ordaindutakoaren araberakoak ez diren prestazio batzuen kostua Estatuak bere gain hartzea dakarten Gizarte Segurantzaren kontuak hobetzeko egiten ari dira proposamen asko.
2019ko pentsioen gastua igotzearen faktoreen artean daude pentsioak orokorrean % 1,6 igo direla, eta pentsio minimoak eta ordaindutakoaren araberakoak ez direnak % 3a.
Atea zabalik utzi dute Puigdemont eta Torrak
Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak eta Quim Torra egungo presidenteak ateak irekita utzi dizkiote Aurrekontuak Kongresuan tramitatzeari.
"Madrilgo parlamentarien esku egongo da tramitatzea ahalbidetzea ala ez", esan du Puigdemontek, Brusela inguruko Waterlooko etxebizitzan Torrarekin bildu ostean.
Presidente ohiak azpimarratu duenez, “Kataluniako Gobernuak eta Parlamenteko taldeek ez dute erabakitzeko ahalmenik” Estatuko aurrekontuen inguruan.
EAJ: Kataluniarrek "Sanchezen" eta "Casado, Abascal eta Riveraren" artean aukeratu behar dute
Bizkaiko EAJko presidente Itxaso Atutxaren arabera, Kataluniako alderdiek "Sanchez eta hau babestu zutenen" eta "Casado, Abascal eta Riveraren" artean hautatu behar dute.
Jeltzaleen jarrerari dagokionez, lehendabizi Aurrekontuak "ikusi egin behar" dituztela esan du Atutxak. BBBren presidenteak esan duenez, Aurrekontuak onartzeak alderdi talde batek babestu zuen "Gobernu baten egonkortasuna" ekartzea gustatuko litzaioke. Sanchezen Gobernua "etorkizunera begira babestu zuen" EAJk.
EH Bildu: Sanchezek "babesak landu" beharko ditu
EH Bilduko diputatua den Marian Beitialarrangoitia Aurrekontuen inguruan "hitz egiteko" prest agertu da, baina PSOEren Gobernuari ezin dituela “txeke zuriak eskatu” ohartarazi dio.
EH Bilduk "Espainiako Gobernutik eskuina ateratzen lagundu" zuela gogorarazi du Beitialarrangoitiak, eta hori "higiene demokratikoagatik eta beste ordainik gabe" egin zuela. Bere iritziz, "erantzukizunez jardun behar zen".
Diputatu abertzaleak esan duenez, astelehenetik aurrera "zehatz-mehatz" aztertuko dute dokumentua, "Estatuaren egoera politikoarekin" egiten duten bezala.