Ekonomia -
Online erosketak
Deskontu kupoiekin zenbait webgunetan izandako arazoez ohartarazi du Kontsumobidek
Hain zuzen ere, Let's Bonus eta Groupalia dira kexak jaso dituzten webguneak. Biek ala biek deskontuak eskaintzen dituzte oraindik ere, baina enpresek ez diote bitartekaritza horri erantzuten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kontsumobide Kontsumoaren Euskal Institutuko zuzendari Nora Abetek jakinarazi du zenbait webgunek kexak eta erreklamazioak jaso dituztela azkenaldian, bezeroek ez dutelako horietan eskaintzen dituzten produktuak lortzeko edo zerbitzuez baliatzeko aukerarik izan.
Erreklamazioak jaso dituzten webguneak Let's Bonus eta Groupalia dira. Biek ala biek deskontuak eskaintzen dituzte oraindik ere, baina enpresek ez diete erantzuten kontsumo gatazkaren inguruan sortutako bitartekaritza errekerimenduei. Hori dela eta, Kontsumobidek plataforma horiek ez erabiltzeko aholkua helarazi die bezeroei.
Kontsumobidetik azaldu dutenez, kupoia marketin teknika bat besterik ez da, eta geroz eta marka gehiagok erabiltzen dute salmentak areagotzeko. Sustapen horiek erakargarriak izan daitezke, eskaintzen dituzten deskontuak direla eta. Gainera, behin behinekotasunaren taktika erabiltzen da, erostera bultzatzeko.
Horrela, eskuratutako opari edo deskontu kupoi trukagarriekin, web plataforma baten bidez egiten dituzte erosketak kontsumitzaileek, produktu edo zerbitzu batzuen truke. Sektoreak askotarikoak izan ohi dira eskaintzak; hala nola bidaiak, jatetxeak, ostatuak, gimnasioak, estetika eta osasun tratamenduak, ikastaroak eta produktu asko eta asko.
Abetek azaldu duenez, "enpresa hornitzaile edo laguntzaileek kontsumitzaileei online plataforman ordaindu dituzten zerbitzuak edo produktuak ematen ez dizkietenean sortzen dira arazoak. Dirudienez, kasu askotan gertatu da online dendak enpresa hornitzaile edo laguntzaileekin zorrak izatea, eta, horrenbestez, egindako zerbitzuak edo emandako produktuak ez ordaintzea".
Gomendioak
Modu honetan, Kontsumobidek zenbait gomendio eman ditu, besteak beste, kupoi trukagarriak erosi aurretik, horiek eskaintzen dituen enpresaren "izen ona" ziurtatzea. Horretarako, baliagarria izan ohi da Interneten beste pertsona batzuen balorazioak eta iruzkinak kontsultatzea.