Ekonomia -
Epaiketa
Rodrigo Ratok Espainiako Bankuari egotzi dio Bankiaren bat-egitea agindu izana
Bankiako presidente ohiaren esanetan, bat-egitea gauzatzeko eman beharreko pausuak agindu zizkion Espainiako Bankuak, eta "ez zion aukera handirik eman".
Agentziak | Erredakzioa
Rodrigo Rato Bankiako presidente ohiaren esanetan, aurrezki kutxen bat-egitea Espainiako Bankuak eskatuta egin zen, berak agindu baitzituen jarraibideak eta "ez zien aukera handirik eman", kapitalaren eskakizunak betetzeko irtenbide bakarra hori baitzen.
Gaur (asteartea) abiatu dute berriro Bankia burtsara irtetean ustez izandako irregulartasunen epaiketa. Ratok Fiskaltzaren, Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsaren eta bere abokatuaren galderei erantzungo diela esan du.
Bankiako presidente ohiak azaldu duenez, Caja Madrilek 2010ean prestatu zuen bere negozio plana, eta horretan ez zuen bat-egiterik aurreikusten; baina, 2010eko maiatzeko Errege Dekretu Legearen onarpenaz geroztik, Europako Banku Agintaritzak ezarritako kapital eskakizunak betetzen ez zituzten entitateentzako erakundeen babeserako sistema sortu zuten.
Ratoren esanetan, Caja Madril kapital eskakizunen mugatik gertu zegoen eta legea betetzeko, kutxen 'bat-egite hotza' egin zuten.
"Kapitala handitzeko aukerak ezinezkoak ziren, eta horrenbestez, Caja Madrileko administrazio kontseiluak legea betetzea erabaki zuen, ez baitzegoen aukera gehiagorik, eta orduan, harremanetan jarri ginen antzeko egoeran zeuden beste hainbat aurrezki kutxarekin", azaldu du Ratok.
"Espainiako Bankuak eta Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsak operazio handiago bat egitea onetsi zuten, eta hori izan zen, hain zuzen, modu profesionalean egin genuena", esan du.