Ekonomia -
Dimisioak Osakidetzan
EH Bildu Osakidetzaz: 'Konponbidea ez da aurpegi bat besteagatik aldatzea'
Osakidetzan "arazo estruktural" bat dagoela uste du koalizioak, eta dimisioez "haratago" beste neurriak hartzea beharrezkoa dela defendatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Osakidetzaren arazoen "konponbidea ez da makillajea egitea, aurpegi bat besteagatik aldatzea", esan du EH Bilduk, eta "aldaketa sakonak" egiteko eskatu dio Osakidetzari, Juan Carlos Soto Giza Baliabideetako zuzendariaren dimisiotik "haratago".
Azken Lan Eskaintza Publikoan izandako irregulartasunek "arazo estruktural" bat dagoela erakusten dutela salatu du Rebeka Ubera legebiltzarkideak, eta dimisioez gain beste neurriak hartzea beharrezkoa dela defendatu du.
Azaroan, Maria Jesu Mugicak Osakidetzako zuzendari nagusiaren kargua utzi zuen, eta orain Sotok bide bera jarraituko du.
EH Bilduko ordezkariak komunikatu batean azpimarratu duenez, berandu izan arren, azken LPEan gertatutakoagatik "erantzukizun pertsonalak bere gain hartu dituzte" zenbait karguk.
"Lagunkeria eta entxufismoa"
Uberaren arabera, "Osasun saila haratago joan behar da, azken LPEan gertatutako irregulartasunak berriz errepika ez daitezen". Horrela, koalizioaren arabera, Osakidetzaren berrantolaketaz gain, "pertsonalaren eredua aldatzeko neurri zuzentzaileak" martxan jarri behar dira.
Bestela, esan du, "irregulartasunak hurrengo lan eskaintzetan errepikatuko dira". Arazoa "Osakidetzaren langileen politika osora hedatzen" dela uste du Uberak.
Eredu horren funtzionamendua eta postuak izendatzeko modua "lagunkeria eta entxufismoan oinarritzen" dela uste du uberak.
Egoera horren aurrean, oposaketen eta giza baliabideen eredu berri bat martxan jartzeko eskatu du, "Funtzio Publikorako sarbidean meritu, gaitasun, objektibotasun eta aukera berdintasun printzipioak" errespeta daitezela bermatzeko.