Ekonomia -
Prezioak
Erregaiak garestiago izango dira urte berrian
Gasaren tarifak eta hainbat autobidek behera egin dute; pentsioek eta gutxieneko soldatak, berriz, gora.
Agentziak | Erredakzioa
2019arekin batera, gasaren prezioak behera egingo du, Renfeko aldirietako trenen prezioak izoztuta mantenduko dira, distantzia erdikoenak gora egingo dute, eta pentsioak, gutxieneko soldata eta administrazio publikoko langileen soldata igoko dira.
Gasolina eta gasolioa
Erregaiak garestiago izango dira gaurtik aurrera, eta nabarmen gainera Hego Euskal Herrian; baita Kantabrian, Gaztela eta Leonen, Errioxan eta Nafarroan ere. EAEn, gasolioaren litroa 14 zentimo garestiagoa izango da.
Izan ere, erregaiak ia bost zentimo garestitu dira jada. Estatu mailan, hidrokarburoen gaineko zerga bateratu egin nahi izan dute eta horrek igoera handia eragin du gurean, zerga baxuenetakoa genuelako.
Azken hilabeteetako prezio baxuak, beraz, bukatuko dira, gainera, petrolioa ekoizten duten herrialdeen artean akordioak baldintzatuta.
Butano botilaren prezioan ez da aldaketarik izango. 15,33 euro balioko du, azaroan % 4,93 igo ostean. Urtarrilean berrikusiko da.
Energia
Gas naturalaren azken baliabideko tarifak kalkulatzeko metodologia aldatuko dute urte berriarekin batera, eta batez beste % 4,6 jaitsiko dira lehen hiruhilekoan.
Gasa sukalderako eta ur berorako erabiltzen dituztenak % 3,8ko jaitsiera izango dute, 2018ko azken hiruhilekoko tarifekin alderatuta, eta berogailurako ere erabiltzen dituztenek, % 4,8ko jaitsiera.
Espainiako Gobernuak erregulatzen duen fakturaren zatiak izoztuta jarraituko du, bosgarren urtez jarraian. Argindarrekoak ere berdin jarraituko du, seigarren urtez. Kasu horretan, bukaerako prezioaren % 60 da.
Gainera, urte berriaren zati handi batean ez da % 7ko sortze elektrikoaren zerga ordainduko. Urrian, sei hilabetez bertan behera utzi zuen Gobernuak.
Garraioa
Renfek, bestalde, aldirietako eta Feveko trenen tarifak mantenduko ditu. Bidaien % 80 dira. Avant eta Distantzia Erdiko trenek, aldiz, igo egingo dute; % 7 eta % 3,5, hurrenez hurren.
Estatuaren aire bidaietako kudeatzaileak, Enairek, % 12 jaitsi ditu airelineei kobratzen dien tasa.
Posta
Posta bidez gutunak bidaltzea apur bat garestiagoa izango da. Estatu mailako gutun arrunta, 20 gramora arte (gehien erabiltzen den produktua), 5 zentimo gehiago balioko du, 0,60 eurora arte.
Europara bidalitako gutunak eta txartelak 1,40 euroko prezioan frankeatuko dira (2018an baino 5 zentimo gehiago), eta kontinentetik kanpokoak, 1,50 euroko salneurrian (2018an 1,45ko prezioa zuen).
Estatu espainiar osoan, ia 1.800 udalerrik eguneratuko dute ondasun higiezinen katastro-balioa, eta, orokorrean, % 1,92 jaitsiko dute.
Pentsioak eta gutxieneko soldata igoko dira
2019an berri onak izango dira pentsiodunentzat, lanbide arteko gutxieneko soldata kobratzen duten langileentzat eta administrazio publikoko langileentzat.
Pentsioak, orokorrean, % 1,6 igoko dira. Baxuenek % 3 egingo dute gora. Gainera, lanbide arteko gutxieneko soldata % 22,3 igoko da, 900 eurora arte (14 ordainsaritan).
Administrazio publikoko langileentzat, soldata % 2,25 igoko da, eta urtearen bigarren zatian % 0,25ko igoera gehigarria izan dezakete, 2018ko barne-produktu gordinaren arabera.
Autonomoen kuotak 5,36 euro igoko dira, 283,3 eurora arte, baina prestazioak hobetuko dizkiete.