Ekonomia -
Manifestazioa
Etxez etxeko laguntzan 'enplegua eta kalitatezko zerbitzua bermatzea' eskatu dute
Bilbon egin dute manifestazioa grebalariek, ELAk, LABek, UGTk eta USOk deituta. Astelehenean ere, Urtezahar-egunean, lanuzteak egingo dituzte, sektorean gehiengoa duen CCOOren babesarekin.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek manifestazioa egin dute Bilbon. Hiru urte eman dituzte "hitzarmena berritu gabe, erosteko ahalmena galtzen, zerbitzuaren kalitatea eta lan baldintzak okertzen diren bitartean".
Etxez etxeko laguntza zerbitzuan enplegua eta kalitatezko zerbitzua bermatu lemapean, "Etxez etxeko laguntza, beharrezko zerbitzua" eta "Hau konpontzen ez bada, egurra, egurra, egurra" bezalako leloak oihukatu dituzte grebalariek. ELA, LAB, UGT eta USO sindikatuek deituta egin dute manifestazioa Zazpikaleetatik, Unamuno plazatik Udaletxeraino.
Langileek lanuzteak egin dituzte abenduan zehar. Astelehenean ere, 31n, manifestazioa egingo dute, Bilboko Udaletxean bukatuta.
"Etxez etxeko laguntza arriskuan dago, eta Aurrekontuetan dirua esleitzen bada ere, ez da gastatzen. Udalek zein enpresek eta Aldundiak beste alde batera begiratzen dute, eta emakume hauek egiten duten lana zein garrantzitsua den ahazten dute", esan du ELAko bozeramaile Ariadna Martinek.
Sindikatuak negoziatzeko asmorik ez izatea leporatu dio patronalari, eta "Eusko Jaurlaritzak ezarritako zerbitzu minimo neurrigabeak" kritikatu ditu.
1.500 langile daude Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuan. CCOO da sektorean gehiengoa duen sindikatua. Sindikatu horrek ere lanuzteak deitu ditu Urtezahar-egunerako, abenduaren 31.