Ekonomia -
Jornada de huelga
Gipuzkoako zahar etxeetako langileek 'duintasuna' aldarrikatu dute
ELAk eta LABek bakoitzak bere aldetik egin dute lanuztea. ELAk ziurtatu du deitutako zazpi greba egunetatik lehenengoa "arrakastatsua" izan dela.
AGENCIAS | REDACCIÓN
Gipuzkoako zahar egoitzetako eta eguneko zentroetako langileek protesta egin dute Donostian, 5.000 behargin inguru biltzen dituen sektore horretan "duintasuna" aldarrikatzeko.
Zazpi greba egun deitu dituzte, gaurtik hasita, eta ELA sindikatuak ziurtatu duenez, "erabat arrakastatsua" izaten ari da gaurko deialdia.
Komunikabideen aurrean, "jendea geroz eta sutsuago dagoela" esan du Txomin Lasa ELAko bozeramaileak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak gatazka horretan erakutsitako "arduragabekeria" salatu du.
Modu horretan, legealdi osoan Aldundiak egindako "propaganda" kritikatu du: "Une erabakigarrietan, alegia, gauza garrantzitsuak egin behar diren momentuetan, ezkutatu egiten dira, ez daude, eta horrekin jendea haserretzea lortzen dute".
Ildo horretan, Lasak gogora ekarri du dagoeneko hiru hilabete igaro direla zahar egoitzetako beharginek "borrokaldia" hasi zutenetik, azken unera arte borrokatuko dutela argi utzita. "Zuzen jokatzea besterik ez dugu eskatzen. Aldundiari eta patronalei horretan duten arduraren erantzule izateko exijitzen diegu, egoera jasangaitza baita", azaldu du.
ELAko ordezkariaren hitzetan, garrantzitsua da zaintza sektorea "aintzat hartzea". "Emakume izateagatik, zaintzan lan egiteagatik eta sistemari behin behinekotasun hori interesatzen zaiolako lan baldintza oso kaskarrak dituzte, eta horregatik ari dira borrokatzen", gaineratu du.
Bestalde, greban ezarri dizkieten "gehiegizko" zerbitzu minimoekin lotuta ELAk aurkeztu duen salaketaren harira, Txomin Lasak argitu du, "oraingoz", ez dutela inolako erantzunik jaso.
Donostiako Bretxako merkatutik hasita, kalejira egin dute Gipuzkoako zahar etxeetako langileek "lan hitzarmen duin baten alde". Abenduaren 31n ere greba eguna dute.