Ekonomia -
LAN GATAZKA
Bilbobuseko eta Bizkaibuseko lanuzteek jarraipen zabala izan dute goizean
Bilbobusen eta Durangaldean, Arratian eta Nerbioi Garaian launa orduko lanuzteak egingo dituzte (07:30-11:30 eta 17:30-21:30); Ezkerraldean eta Meatzaldean bi ordukoak (07:30-09:30 eta 18:00-20:00).
EITB.EUS
Lanuzte eguna dute gaur Bilbobusen eta Bizkaibus zerbitzuko linea batzuetan, eta berriro ere ilara luzeak sortu dira geltokietan. Sindikatuen hitzetan, goizeko lanuzteek erabateko jarraipena izan dute.
Zehazki, Ezkerraldea Meatzaldea Bus SA (EMB) eta Pesalur SA enpresetako langile guztiak eta Bilbobuseko beharginak daude deituta lanuztea egitera, eta greba deialdi horrek Ezkerraldean, Meatzaldean, Durangaldean, Arratian eta Nerbioi Garaian dabiltzan autobusei eragingo die.
Durangaldean, Arratian, Nerbio Garaian eta Bilbobusen lau orduko lanuzteak egingo dituzte: 07:30etik 11:30era eta 17:30etik 21:30era.
Bizkaibuseko Ezkerraldeko eta Meatzaldeko lineatan, ostera, bina orduko lanuzteak egingo ditu: 07:30etik 09:30era eta 18:00etatik 20:00etara.
Gutxieneko zerbitzuak Bizkaibuseko webgunean daude ikusgai.
Sindikatuetako iturrien arabera, lanuzteen jarraipena erabateko izan da goizean eta normaltasuna izan da nagusi. Gainera, langileek mobilizazioak egin dituzte.
EMBko beharginek abenduaren 20an ere egingo dituzte lanuzteak.
Lanuzte horiez gain, 24 orduko greba egingo dute abenduaren 21ean, San Tomas egunean. Bilbobuseko langileek ere iragarri dute greba egun horretarako.
Bilbobuseko enpresa batzordearen eta Biobideren arteko bilera
Gaur batzarra egingo dute Bilbobuseko enpresa batzordeak eta Biobideko zuzendaritzak, akordioa lortzen saiatzeko. Astearteko bilera akordiorik gabe amaitu zen.
Bien bitartean, EMBko eta Pesalurreko langileek ez dute oraingoz bilerarako hitzordurik .