Ekonomia -
Lan-erregulazioa
Lan-erregulazioko espedientea hiru urte gehiago luzatzea proposatu du Arcelorrek
LAB sindikatuaren arabera, talde siderurgikoak lan-erregulazioko planean hiru urte gehiago jarraitzea proposatu die sindikatuei.
Agentziak | Erredakzioa
ArcelorMittaleko zuzendaritzak lan-erregulazioko espedientea hiru urte gehiago luzatzea proposatu dio sindikatuei, LABek informatu duenez. Espedientea multinazionalak Espainiar estatuan dituen fabrika guztietan dago indarrean.
Lan-erregulazioko planak 17 plantatan lan egiten duten 12.000 langileri eragiten die. Euskal Herrian hurrengo udalerrietan ditu instalazioak: Etxebarrin eta Sestaon –ACB-, Bizkaian, eta Bergaran, Zumarragan eta Olaberrian, Gipuzkoan, eta Lesakan, Nafarroan.
Komunikatu batean, sindikatuak gogorarazi du lan-erregulazioko espedienteak egoera ekonomiko zailen edo lan faltaren aurrean ematen diren neurri bereziak direla, baina ArcelorMittal 2009tik dago espedientea irekita, eta "aurten, iazko urtearekin konparatuta, % 12ko igoera izan du mozkinetan, eta munduan zehar altzairutegiak erosten ari da; Italiako Ilva, kasu".
LABen arabera, ArcelorMittalek 915 lanpostu suntsitu ditu azken lau urteetan euskal altzairutegietan, hau da, lan guztiaren % 40. Lanpostu horiek ezegonkorrak diren lanpostuekin ordezkatu dituzte, gehienetan azpikontraten eta aldi bateko lanen enpresen bitartez. Horregatik, "lan-erregulazioko espedientea mantentzea iruzur juridikoa da", azpimarratu du sindikatuak.